Besteak beste, Eusko Alkartasuna, Sortu, Alternatiba, Gorripidea, Askapena, ESK, LAB eta Ernaiko ordezkariak egon dira. Mahaian eserita egon dira Ander Gallego (LAB), Amaia Larrañaga (EH Bildu) eta Onintza Lopez de Munain, Goikoetxearen bikotekidea. Manifestazioa deitu dute egubakoitzerako, hilak 15, Seber Altube plazatik irtenda (19:00).
Goikoetxearen kasua nabarmentzeaz gain, gaurko agerraldia espetxe politika salatu dute bereziki: "Hemen bildu garen eragileok oso kezkatuta gaude helburu politiko zehatz batzuk lortzeko indarrean dagoen espetxe politikak eragiten dituen ondorio latzekin. Giza eskubideen etengabeko urraketak dakartza", esan du Amaia Larrañagak.
"Luzea da zerrenda"
Sevilla II espetxean jasaten ari diren eskubide urraketen zerrenda "luzea" dela salatu du EH Bilduko zinegotziak: "Osasun eskubidea urratua, aktibitateak egiteko eskubiderik eza, isolamendua ziegan ordu kopuru luzeak egonaraziz, miaketa etengabeak, jipoiak, eskuburdinekin ohera lotzera behartuak... Luzea da zerrenda". Egoera horren aurrean lehenik eta behin "besarkada bat" bidali gura izan diete "gose greba mugagabean" dauden euskal presoei eta euren senide zein lagunei: "Jaso gure elkartasun beroena Txus, Onintza eta Peru".
Manifestazioa egubakoitzean, hilak 15
Espetxe politikaren aurka egiteko "instituzioen zein herritarren aktibazioa beharrezkoa" dela uste dute: "Behingoz euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekar ditzaten, dagozkien eskubide guztien jabe". Horretarako manifestazioa deitu dute egubakoitzean, hilak 15, Seber Altube plazatik abiatuta.