Bedoñar nortasunaren mende erdia ospatu guran

Imanol Gallego 2013ko azaroaren 11

Lehen ekintzak Bedoñako inguruak ezagutzeko irteerak izango dira Elkarteak auzotarrekin ez ezik, ingurukoekin ere ospatzeko asmoa dauka.

"Auzo baten bizitzak hiru hanka behar ditu: eliza, taberna eta elkartea". Argi dauka Tomas Garai kideak, duela 50 urte Loramendi Elkartea egiten hasi zirenean Bedoñak behar zuen hirugarren hanka hori eraikitzen hasi zirela. "Arrasatetik Kasino edo Udalpe bezalako elkarteen eredutik sortu genuen gurea" eta garai batean bedoñar izatea elkarteko kide izatearen sinonimoa zen. "Kontua da auzoan ez zegoela lagunekin ehiza osteko afariak egiteko, batzarrak egiteko... tokirik eta akaso horregatik, oso denbora gutxian auzoko bizitzaren erdigunea bihurtu zen", azpimarratzen digu Garaik.

Ospakizuna omenaldi bat izateaz gain, elkartea berriro ere maparen erdian kokatzeko aitzakia ere bada. "Egungo kideen ehuneko handi batek ez du auzoak gordetzen dituen altxor eta ondare zabala ezagutzen eta hori ere erakutsiko du", aipatu digu elkarteko presidentea den Andoni Iñarrak.

Lehen ospakizunak oinez

Mendiz inguratutako tokia izanda, lehen ekintzak inguruko maldetan egingo dituzte. Udazken eta udaberri partean auzoko lur nahiz bidexkek gordetzen dituzten altxorrak ezagutzera irtengo dira. Tomas Garairen gidaritzapean guztira lau egingo dituzte, "oso ibilbide errazak izango dira, familian egiteko modukoak".

Lehena atzo izan zen eta gainontzekoak eguraldiaren arabera "zehazten" joango dira. Data jakin ez arren, ibilbideak aipatu dituzte: "Galarrixa, Urkuluko urtegia eta Andramarizuri izango dira". Urtegiko ibilbidea ezagunena izango den arren, "goiko bidetik joango gara eta bertatik ikusten den parajea oso ederra da".

Mendi irteera hauek, baina, ez dira negu partean egingo dituzten ekintza bakarrak izango. "Txokolate dastatzea, gaztaina jana, txarriboda, odoloste jana... ez ditugu ekintza guztiak finkatu baina negu garaian eta lagunartean egiteko ekintzak izango dira guztiak". 

Egun handia udan

Urteurrena ospatzen  hasi arren, jai egun potoloa uztailean ospatuko dute. "Uztailak 13 aukeratu dugu egun handi bezala", dio Iñarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak