Bartzelonako Santa Rita taldeak girotuko du gaur gaztetxea (22:00), Kooltur Ostegunak ekimenaren barruan. Cecilia Diazek –ahotsa–, Natalia Brovedanik –gitarra–, Martha Woodek –baxua– eta Laura Oliverasek –bateria– osatze dute taldea eta gurera datoz High on the seas disko berria aurkeztera. "Rock urgentea, dinamikoa eta zorrotza" eskainiko dute, zuzeneko "ukaezin" batekin.
Kooltur Ekintza taldeko Iker Barandiaranek Arrasate Irratian esandakoaren arabera, ez da oso talde ezaguna: "Ez da definitzeko talde erraza. 1990eko hamarkadako doinuak lantzen dituzte, Nirvanarekin batera irten ziren talde grunge haiek gogoratzen dituzte. Intentsitate handiko abestiak dira, oihuekin lagunduta. Adituek diote emango dutela zeresana". Zuzenekoan estudioan baino gusturago sentitzen den taldea da.
Guztiak emakumezkoak
Taldekide guztiak dira emakumezkoak eta hori ezaugarri berezia da, baita Kooltur-en dako ere: "Oso gutxitan izaten ditugu emakumezkoak agertoki gainean. Azaroan, baina, talde guztiak atzerrikoak izateaz aparte, hiru taldetan emakumeren batek jotzen du". Kanpotik datozen taldeak eta emakumeak protagonismo berezia izango du, beraz, hil honetan.