Musika, dantza eta esker ona Harremanen hogeigarren urteurrena ospatzeko

Jagoba Domingo 2013ko aza. 11a, 09:56

Hogei urte hauetan bidelagun izan dituzten kolaboratzaileei eskerrak emateko festa egin zuen atzo Harremanek Amaia Antzokian eta beste hogei urterako indarra duela argi utzi zuen.

Goikobalu Abesbatza, Arrasate Musikal eta Txorbela Otxotea izan ziren besteak beste Harremanen urteurrena girotzeko ardura hartu zuten taldeak. Antolatzaileak pozik zeuden Amaia Antzokira gerturatu zen jendeaz, Harremanen ibilbidea bertatik bertara ikusteko aukera izan zutelako. Festaren helburu nagusia, sortzaileei, kolaboratzaileei eta laguntzaileei eskerrak ematea zen; Javi Ruiz de Munian-en arabera, "euren gabe Harreman ez zelako posible izango".

Musika, dantza eta bideo proiekzioak

Goikobalu Abesbatzak eman zion hasiera Vanesa Sanchez, Eitb-ko aurkezleak, gidatutako saioari. Ondoren, 20 urteetan egindako proiektuen errepasoa egin zuten; gaztetxoen dantzek taula hartu aurretik. Ankur umezurztegiak eta Mozambiken egiten dabiltzan proiektuen bideoak ere proiektatu zituzten, eta Txorbela Otxotearen emanaldiaren ondoren, loreak banatu zituzten laguntzaileei.

Beste hogei urterako prest

Harremanekoek balorazio oso positiboa egin zuten, " oso polita izan da ondoan izan ditugun laguntzaileak ikustea eta eskerrak eman ahal izatea", horrez gain " gazte asko egon dira Amaia Antzokian eta pozgarria da oso, hezkuntza aldetik ere txikitatik ikasten dutelako zer den kooperazioa". Argi dagoena da, azken 20 urteetan egindakoaren ondoren, lanean jarraitzeko gogoa izaten jarraitzen dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak