"Badirudi nahasmena eragin nahi dela, esanez hartzekodunen konkurtso egoeran sartzeak Fagor Etxetresnak enpresaren likidazioa eta amaiera suposatzen duela. Eta hori ez da egia. Konkurtsoak bilatzen duena da, lehenik eta behin, enpresaren jarduerarekin jarraitu ahal izatea, hitzarmen baten bidez, eta, beraz, oraindik enpresa salbatzeko garaiz gabiltza", adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaile Larraitz Ugartek.
"Posible da enpresa salbatzea"
Ugartek gogorarazi du asko direla hartzekodunen konkurtso egoeran sartu eta aurrera ateratzea lortu duten enpresak, eta, bere hitzetan, "oraindik posible da enpresa salbatzea eta, horregatik, lanean jarraituko dugu".
"Inplikazio" eskaera
Era berean, "inplikazioa" eskatu die Kutxabanki eta Eusko Jaurlaritzari: "Kutxabanki eskatzen diogu erantzun dezala egoera kritiko honen aurrean, eta erabili dezala bere kaudimena Fagor Etxetresnak salbatzen laguntzeko, eta likidazioak Gipuzkoako ehun ekonomikoarengan izango lukeen arraste efektua saihesteko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari gogorarazi behar diogu erantzukizun handia duela, eta oraindik ezin duela amore eman".
Helburu horrekin, Martin Garitano, diputatu nagusia, Kutxako lehendakari Xabier Iturberekin bilduko da astelehenean.
Grumal salbatzeko ahaleginetan
Grumali buruz, bestalde, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatu Jon Peli Uriguenek adierazi du enpresa azpeitiarraren egoeraren inguruko informazioa eskatu dutela. "Fagor Etxetresnak enpresak jakinarazi digu baduela Grumalentzako bideragarritasun plan bat; aztertu egingo dugu, eta jarduera salbatzeko aukerarik egonez gero, gure esku dagoen guztia egingo dugu, betiere diru publikoa kudeatzeak exijitzen duen zorroztasunetik eta erantzukizunetik", gehitu du.