Iñigo Uribarren: "Futbolean eman zuen izena inguruko jende gehienak, baina nik atletismoa aukeratu nuen"

Jokin Mujika 2013ko aza. 9a, 01:00

Iñigo Uribarrenek (Arrasate, 1993) atletismoa egiten du; salto hirukoitza, hain zuzen ere. Bederatzi urte egin zituen Arrasateko Atletismo Taldean, eta orain dela bi urte Real Sociedadek fitxatu zuen. Ez da atleta makala, Espainiako Gazteen Txapelketan urrezko domina bat irabazi baitzuen, juniorretan beste bat eta 23 urtez azpikoetan, zilarrezko beste bi. Joan den denboraldian, Europako Promesen Txapelketara joateko behar zen gutxieneko markatik hamar zentrimetrora geratu zen.

Zerk eraman zintuen atletismoan hastera?

Txikia nintzenean, eskolan lasterketak egiten genituen eta asko gustatzen zitzaizkidan. Horrek herri mailako hainbat krosetan izena ematera animatu ninduen, eta emaitza nahiko onak lortu nituen. Futbolean eta saskibaloian eman zuen izena inguruko jende gehienak, baina nik atletismoa aukeratu nuen.

Betidanik egin izan duzu salto hirukoitza?

Ez. Hasieran, abiadura lantzen nuen, gehienbat; bereziki, 200 metroak. Geroago, bakoitza ondoen moldatzen zen probara bideratu gintuzten. Salto onak egiten nituela esan zidan gaur arte nire entrenatzaile izan den Mikel Uribesalgok, eta denetariko probak egitetik jauziak dituztenak praktikatzera pasatu nintzen. 

Orain dela bi urte Real Sociedadek fitxatu zintuen; pauso garrantzitsua izan al da zure ibilbidean?

Bai. Batez ere, Real Sociedadekin beste maila bateko ligetan parte hartzeko aukera daukadalako, eta goi mailako jendearen aurka lehiatzeak abantaila asko ditu. Izan ere, lehenago askoz errazagoa izaten zen ligetan postu onak lortzea.

Arrasateko Atletismo Taldean egon zara txikitatik; uste duzu Espainian ondo lehiatzeko adina prestatzen dituztela atletak?

Baietz uste dut. Kirol honetan ona izateko gauza garrantzitsuenetako bat entrenatzaile ona izatea da, nire ustez. Taldeak ez du horrenbesteraino inporta. Entrenatzeko instalazio onak badaude, eta horri entrenatzaile ona gehituta, atleta ona izateko aukerak asko handitzen dira.

Gaitasun fisiko onak behar dira kirol honetan. Bakoitzaren genetika ala entrenamendua bera da garrantzitsuagoa?

Inportanteagoa iruditzen zait entrenamendu planing ona izatea, oparitu ez dutelako ezer oparitzen. Nik, esaterako, lan handia egin dut ditudan markak lortzeko. Hala ere, onenen artean egoteko genetikoki zerbait berezia izan behar dela uste dut.

Salto hirukoitza bakarkako proba da. Ze abantaila ditu?

Ba, azken baten, emaitza on guztiak norberarentzat bakarrik direla.

Eta ze desabantaila?

Askotan, bakarrik entrenatzea oso gogorra eta luzea egiten zait, faltan igartzen dut norbait nire ondoan. Taldeko kiroletan, esaterako, entrenamenduak ez dira indibidualak izaten eta taldekideekin kontaktuan egoteko aukera ematen dute.  

Joan den denboraldian Tampere-n (Finlandia) izan zen Europako Promesen Txapelketara joateko behar zen gutxieneko marka (15,70 metro) lortzear egon zinen.

Bai. Pena izan zen, hamar zentimetro falta izan zitzaizkidalako. Entrenamendu-ordu asko egin nituen eta fisikoki oso ondo nengoen. Hala ere, egia da kirol honetan psikologiak pisu handia daukala. Emaitza onak lortzeko psikologikoki ondo egoteak asko laguntzen du. 

Zein da zure buruari jartzen diozun muga edo helburua?

Ez diot helburu finkorik jartzen nire buruari. Izan ere, uste dut pausoka-pausoka joatea dela dinamika egokiena. Orain, esate baterako, otsailean daukadan Espainiako Txapelketari begira nago. Horren ondoren, hurrengo txapelketan daukadan onena emateko gogor entrenatzea izango da helburua.

-----------------

Pertsonala

Zure herriko txoko maiteena: Udala. 

Janari gustukoena: Pasta. 

Euskal Herriko txoko gustukoena: Gaztelugatxe. 

Pelikula gustukoena: Crank, Veneno en la sangre. 

Bidaiatzeko leku bat: Costa Rica. 

Atleta gustukoena: Jonathan Edwards. 

Garaipen preziatuena: Donostian izan zen Espainiako Junior Txapelketa. 

Etorkizuneko ametsa: Olinpiar Jokoetan parte hartzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak