Ze aho-zaporerekin utzi zaitu Katalunian egindako asteburuak? Eskura zenuen Espainiako Enduro Txapelketa, urteko bigarren titulua, baina gutxigatik ihes egin dizu.
Ez nintzen oso pozik bueltatu, txapelketa irabazteko aukerak nituela ikusten nuelako. Baina Borja Nietok –irabazlea– asteburu borobila egin zuen, esango nuke denboraldiko onena egin zuela, eta ni, berriz, ez nintzen gustura ibili. Urte osoan scratch-ean hamar onenen artean egon naiz eta Katalunian hamabigarren geratu nintzen. Gero, zirkuituan zegoen hautsaz arazo mordoa izan genituen pilotu askok, eta nahikoa lan izan nuen lasterketa amaitzen. Borja, berriz, oso ondo ibili zen.
Enduroan debuta egin duzun urtea izanda, berriz, bigarren geratzea ez dago batere txarto.
Oso-oso gustura geratu naiz egindako urteaz. Cross countryan Espainiako Txapelketa irabazi dut eta enduroan azken ordura arte egon naiz irabazteko aukerekin. Lasterketa mordoa korritu dut aurten, eta ia denetan igo naiz podiumera. Mundiala izan zen salbuespena, han zegoen mailarekin banekien helburua beste bat zela, eta, gainera, belaunean min hartu nuen.
Uda ostean gauzak dezente aldatu ziren. Belauneko lesiotik errekuperatu, taldez aldatu...
Bai, uda aurretik animikoki ukituta egon nintzen. Mundialean min hartu nuen, hain zuzen, duela bi urte horrenbeste arazo eman zizkidan belaun berean. Eta bestalde, taldez aldatzea erabaki nuen. Sherco taldekoekin harremanetan jarri nintzen, eta laguntzeko gertu zeudela esan zidaten. Bihotzez eskertzen diet emandako laguntza.
Badakit eurak ere gustura geratu direla zure emaitzekin.
Bai, halaxe jakinarazi didate, eta gustura ibili naiz, ez nautelako batere estutu, nire kasa ibili naizelako. Motorrak afizioa dira niretako, ez dut dirurik irabazten; alderantziz, gastu handia da, eta norbait gauzak modu batera egiteko estutzen hasten zaidanean... txarto. Hori bai, taldekideak ikusten baditut euren partetik dena ematen dabiltzala, nik ere dena ematen dut.
Posible da datorren urteari begira taldeko pilotu ofizial izateko eskaintza jasotzea?
Ez dut halakorik nahi. Alde batetik, egia da nire ametsetako bat egia bihurtuko litzatekeela, baina badakit pilotu ofizialak zelan bizi diren, eta ez nago pauso hori emateko prest, lurrean ditut hankak. Badakit kirol hau seriotasun handiagoz hartuz gero kapaz izan naitekeela ofizialekin lehiatzeko, orain bizpahiru segundo baino ez dizkidate-eta ateratzen. Baina afizioa ofizio bilakatuko litzateke kanpora joan beharko nuke [seguruenik, Kataluniara], egunero gogor entrenatu... Eta ez nago horretarako prest. Futbolean moduan, hiruzpalau urte pilotu ofizial izanda etorkizuna lotuta izango banu, apustua egingo nuke, baina kirol honetan ez dago halakorik. Eta apustua egin eta lasterketaren baten lesionatuz gero? Inor ez da zutaz akordatzen.
Baina senior B mailan ia dena irabazi ostean [pilotu ofizialek A mailan korritzen dute], zelan motibatu beste urte on bat egiteko?
Hori ari gara orain aztertzen. Senior B mailan oso maila oneko pilotuak daude, lehenago pilotu ofizialak izandakoak eta atzetik gatozenak. Eta pilotu asko gaude, gainera. Oso kategoria polita da, lehiakorra, baina baliteke datorren urtean A mailan korritzeko pausoa ematea.
Hau da, pilotu ofizialekin batera.
Bai. Jon Leiaristi da Sherco taldeko arduraduna eta denboraldia harekin planifikatuko dut. Badakit A mailan korritzea askoz ere gogorragoa izango dela, besteak beste, lasterketak luzeagoak izaten direlako –enduroan 7-8 orduko lasterketak egiten dituzte–. Horrek eskatuko du fisikoki indartsuago egotea eta garbi izatea, baita ere, podiuma ez dudala aurten moduan zapalduko. Baina, akaso, nik ere halako erronka bat behar dut, egia esateko, erlaxatu samar nabilelako. Kategoria honetan badakit apur bat estututa aurrean ibil naitekeela, eta erronka moduan ondo etorriko zait A mailan korritzea. Eta babesleendako ere interesgarriagoa da goiko mailan korritzea.
Berez, amaitu da denboraldia, baina Sherco taldeko dendan harrapatu zaitugu, Elgoibarren.
Bai, motorrarekin lanean ari gara, datorren hilean Kataluniara joango naizelako astebetez entrenatzera. Izan ere, baliteke cross country denboraldia abenduan bertan hastea, eta prestatzen joatea komeni da. Amaitzeko, ez nuke elkarrizketa amaitu nahi babesleei eskerrak eman barik: Sherco, Motos Jon, Nothing Without... eta baita Ander Landaluzeri ere, aurten asko lagundu didalako. Eta ezin ahaztu ondoan izan ditudan lagunak, lasterketetara etorri direnak, eurak gabe...
