Iñigo Arregiren lanak Donostiako Ekain galerian ikusgai

Imanol Gallego 2013ko aza. 7a, 20:40

Joan den eguena ezkero Iñigo Arregi herriko eskultorearen erakusketa dago Donostiako Ekain galerian. Artistak 26 artelan eroan ditu Donostiara; horietako 14 eskulturak dira eta gainontzekoak, erliebedun koadroak, artistak aipatu bezala: "Paretara salto egindako eskulturak dira".

Arregiren eskulturak puzzleak dira; izan ere, piezak banaka sortzen ditu, eta ondoren, bata bestearekin lotzen ditu. “Nire sortzeko moduak mugatua dela dirudi, baina urteak daramatzat horrela, eta geroz eta gehiago konplikatzen da”, aipatu du egileak.

Askotan, eraikinetan inspiratzen da Arregi, eta haren lanek duten bertikaltasunean erraz ikus daiteke erreferentzia hori: "Bertikaltasunaz gain, nire lanak eratzeko modua ere oso arkitektonikoa da eta nire lanek dituzten bao eta espazioek leiho edo ate itxura ere izan dezakete". Arregik beti formatu handiko obra sortzeko asmoa duen arren, Donostiako gehienak txikiak dira.

Erakusketa abenduaren 7a arte egongo da ikusgai. Martitzenetik zapatura bisita daiteke, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara.

Lan bidaiariak

Arrasateko artistak ospe handia lortu du, eta haren lanak munduko azoka garrantzitsuenetan egon dira. "Lanak Koloniatik Donostiara ekarri dituzte eta aste bukaera honetan Istanbulen erakutsiko dituzte", aipatu du Arregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak