Arantza Tapia: "Euskadiko enplegu eta ekonomian eragin handia izango du"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko azaroaren 6a

Lakuako bilera bukatu ostean, adierazpenak egin ditu Arantza Tapiak, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak. Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko osteko eszenatokian jarri da, hemendik aurrera zer egin asmo duten jakinarazteko.

Poloniako filiala aurreko astean eta Frantziako filiala gaur arratsaldean hartzekodunen konkurtsoan sartu eta gero,  etzitik aurrera egoera horretan bertan egongo da Fagor Etxetresnak ere. Jakinekoa zen aurreko astetik, Tapiaren esanetan, eta "bien bitartean finantziaziorik lortzen ez bada, eta oso aukera gutxi daude, likidatu egingo da", adierazi du.

Euskadiko enplegu eta ekonomian eragin "handia" izango du horrek, sailburuaren esanetan, jende asko langabeziara joango delako eta, hori dela-eta, hainbat lan-ildo abiaraziko dituzte:

  • Jaurlaritzako Ekonomia sailak azterketa bat egingo du jakiteko Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartu izanaren ondorioz zenbat enpresa geratuko diren lan barik eta zenbat langilerengan izango duen horrek eragina.
  • Euskal industria sarearen berregituraketa plan bat garatuko dute, enpresei laguntzak eta baliabideak emateko.
  • Formazio programa bat jarriko dute martxan.
  • Eta egoera berri horretan ekintzailetza edo enpresa sortze  ugari aurreikusten dituztenez, horiei laguntzeko neurri bila ere hasiko dira lanean.

Galderen tartean, Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnen bideragarritasun plana ez laguntzeko erabakiaren gainean galdetu diete kazetariek Jaurlaritzako ordezkariei, baina erantzun diete ez dutela hori baloratzera sartu nahi, "hala egitea atzera begira jarraitzea delako eta orain beste etapa berri bat hasten delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak