Batzarrera sartu aurretik itxaropentsu agertu zen, eta, bukaeran, honakoa esan du: "Guk beti zuhurtasunez jokatu dugu, soluzio bat aurkitu guran, baina erabakia saihestezina da", azaldu du.
Segidan, horrek sortuko duen egoeraz hitz egin du. Fagor Etxetresnetako langileei dagokienez, azaldu du Mondragon Korporazioak berretsi egin duela bazkideei irtenbidea emateko konpromisoa, birkokapenen, aurre-erretiroen eta formazioaren bitartez; eta azpimarratu du soluzio hori "bakarrik kooperatibako bazkide direnendako" izango dela.
Bestalde, kalte handiena izango duten herrietako udal eta garapen agentzia bakoitzarekin "diagnostikoa" egiten dabiltzala esan du, eragina zein izango den ahalik eta gehien zehazteko enpresetan, ostalaritzan eta merkataritzan; eta, horren ondotik, "enplegua sortzea ahalbidetuko duten ekintzak" egingo dituztela esan du.