Onintza Lopez de Munain: "Espetxeko zuzendaritzaren konpromisorik jaso ezean, ez dute gose greba utziko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 8a, 10:00

Txus Goikoetxea (Uzpegi, Nafarroa, 1969) euskal presoaren bikotekidea da Onintza Lopez de Munain (Arrasate, 1972). Hiru urte daramatza Goikoetxeak Sevillako Moron de la Fronterako espetxean eta urriaren 28a ezkero gose greban dago, beste 12 euskal presorekin batera. "Gutxieneko eskubideak bermatu eta euren aurkako erasoekin amaitzea" eskatzen dute, Lopez de Munianen arabera. Bihar, zapatua, joango da Sevillara bisitan; joan aurretik egin dugu berba gose grebaren gainean. Gaur giza-katea egingo dute Herriko plazatik irtenda, 19:00etan.

Hasteko, nola dago Txus?
Gaur [martitzena] egin dut berba berarekin. Ahul dago, zorabioekin, baina nahiko ondo. Hasi aurretik argal zegoen eta dagoeneko sei kilo galdu ditu.

Noiz hasi zuen gose greba?
Urriaren 28an. 13 euskal preso daude, guztiak isolamenduko moduluan hasieratik. 13ek salatu dute azkenaldian euren egoerak okerrera egin duela eta horiek guztiak salatzeko hainbat bilera egin izan dituzte zuzendaritzarekin. Idazkaritza orokorraren bidez ere egin dituzte salaketak, baina bide horietatik ez dute ezer lortu. 

Zein da euren egunerokoa?
Lau orduko patioa dute eta ez diete uzten inongo aktibitaterik egiten. Patiora hirunaka edo launaka ateratzen dituzte, goizez edo arratsaldez. Egun batean 09:00etatik 13:00etara irteten badira, hurrengo egunean 15:00etatik 19:00etara dute baimena. Beraz, bi egunetik behin 26 orduz egoten dira jarraian ziega barruan. Eurenganako tratua bereziki txarra dela frogatzen duten beste hainbat adibide ere badaude, esaterako, miaketa sakonak jasaten dituzte egunero. Funtzionarioaren arabera izaten da, baina askotan zakila eta barrabiletan aritzen dira, tentsioa areagotuz. Miaketari uko eginez gero 72. artikulua aplikatzen diete eta zigorrak itzelak dira: 48 ordu bakartuta pasatu beharra  eta eskuak ohera lotuta egotea, adibidez. Bisean biseko bisiten ostean ere muturreraino estutzen dituzte. Sendagilea ere, astero pasatu beharrean, bi edo hiru astetan ez da pasatzen, eta inork ez ditu azalpenak ematen. Orain, euren eskaerek erantzunik ez dutenez, borrokari ekitea beste aukerarik ez dute ikusi. Bizitza duin bat eskatzeko, euren osasuna jarri dute arriskuan.

Zeintzuk dira aldarrikapenak?
Dispertsioarekin amaitzen ez den bitartean –dispertsioa diseinatu eta mantentzen dituztenak ere badirelako erantzule–, isolamendu mugagabearekin amaitzea, kide guztiak batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatzea eta euren aurkako erasoekin amaitzea. Ez dutenez batera egoterik, halako tamainako erabaki bat hartzeko prozesua oso luzea izaten da eta, era berean, 13ak ados jartzeak sekulako indarra eman die.
Hala ere, oraingoz ez diete kasurik egin, baina adierazi dutenez, zuzendaritzaren konpromisorik jaso ezean ez dute gose greba utziko.

Antolatu duzue protesta ekintzarik datozen egunotarako?
Modu koordinatuan egin gura ditugu mobilizazioak. Hasteko, giza katea egingo dugu gaur Herriko plazan, 19:00etan. Era berean, Txusek berak esan didana egin behar da, espetxea gogaitu behar dugu mugitu dadin. Herritarrak antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera animatu gura ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak