Mondragon Korporazioak 50 milioi euro batu gura ditu aurre-erretiro, birkokatze eta formazio programak aurrera eramateko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 5a, 14:01

Mondragon Korporaziotik adierazi digutenez, korporazioko kontseilu orokorrak ezezkoa eman zion Fagor Etxetresnek aurkeztutako bideragarritasun planera 50 milioi euro bideratzeari –ez zuelako plan hori bideragarri ikusten–, baina gertu azaldu zen diru kopuru hori kooperatiban soberan geratu daitekeen enpleguari konponbidea ematera bideratzeko.

Enpleguari konponbidea emateko helburuarekin, aktibitate ezberdinak abiaraziko dituzte eta horretan ari dira lanean, buru belarri, korporaziotik azaldu digutenez. Hiru arlo landuko dituzte, bereziki:

  • Aurre-erretiroak: Planteamendu bat egongo da laster, aste honetan ez bada datozen egunetan, korporazioko iturriek jakinarazi digutenez.
  • Birkokatzeak: Plan bat garatzen ari dira eta, uneotan zehazki, Fagor Etxetresnetako langileek ze perfil dituzten begiratzen ari dira.
  • Formazioa: Formazio-programa batzuk jarriko dituzte abian, perfil horiek taldeko kooperatibek dituzten beharretara egokitzeko.

Hiru arlo horiek landuko dituzte, beraz, soberan geratuko den enpleguari ahalik eta soluzio gehien emateko, baina "ez gara ari lanean beste zentzu batzuetan", diote korporazioko iturriek, hedabide batzuek gaur ateratako informazioari erreferentzia eginez; horien arabera, Mondragon Korporazioak Fagorren zati bat martxan jarri nahiko luke 50 milioi eurorekin.

Kongresua

Asmoa da aurrez aipatutako hiru lan-lerroetarako (aurre-erretiroak, birkokatzeak eta formazioa) 50 milioi euroak taldeko kooperatiba guztietatik biltzea. Horretan saiatuko da korporazioa eta, horretarako, kongresu bat egin beharko du. Bertan proposatuko die taldeko beste kooperatibei 50 milioi euroko funtsa eratzea, baina kongresuaren datarik ez dago oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak