Elena Lanuza: "Gimnasia erritmikoa sustatzen jarraitu gura dugu; hori da taldearen helburu nagusia"

Mireia Bikuña 2013ko aza. 5a, 01:00

Elena Lanuza arrasatearra Dragoi gimnasia erritmiko taldearen entrenatzaileetako bat da. Txapelketetan lehiatzen diren taldeen ardura dauka Lanuzak: gimnasia erritmikoarena eta kirol aerobikoko taldearena. Azken horiek lan itzela egin zuten Madrilen jokatutako Espainiako kopan. Bi sari lortu zituzten. Dragoiko neskek aurtengorako dituzten helburuak eta taldea bera ezagutzeko egon gara Lanuzarekin, aurreko asteko entrenamenduan.

Egungo bost entrentzaileetako bat zara, baina gimnasta izandakoa zaitugu!

Bai hala da. 9 urterekin hasi nintzen gimnasia erritmikoan. Arantzazu Zubiaren aginduetara entrenatzen genuen. Bederatzi urteren ondoren, 18rekin entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Egun 33 urte ditut. Bizitza osoa daramat Dragoi taldean.

Zu zeu zara txapelketetan lehiatzen diren taldeen arduraduna. Kirol aerobikoaren Espainiako kopan lan ederra egin zenuten.

Oso pozik gaude egindako lanarekin. Espainiako txapelketan egindako lanak eman zigun kopan parte hartzeko aukera. Helburu zehatz barik joan ginen. Emaitzak lortu barik, ondo pasa eta gure lana egitera joan ginen. Baina, presio barik lehiatzen zarenean, emaitzak lortzea errazagoa izaten da. Lan ona egin genuen. Ezustean harrapatu gintuen.

Dragoi taldearen bidez ezagutu dugu kirol aerobikoa. Nolako modalitatea da?

Nahasketa bat dela esango nuke: gimnasia artistikoa, gimnasia erritmikoa eta aerobikaren arteko nahasketa bat. Mugimendiuzehatzak egin behar dira. Horiei  indarra eta koordinazioa gehitu behar zaie. Taldekako koreografietan koordinazioa oso inportantea da.

Entrenamenduetan beroketa saio intentsua egiten dugu, eta gero koreografiak errepikatzen ditugu, behin eta berriro. Mugimendu garbiak egin behar dira. Horrenbeste errepikapenekin aspertu ere egiten gara batzuetan [barreak].

Hemendik kanpo nolako erantzuna dauka modalitate honek?

EAEn hiru klubetan lantzen dugu. Espainia mailan hedatuago dagoen diziplina da.  Espainiako txapelketetan maila ona ikusi izan dugu. Horrek erakusten du taldeen inplikazioa geroz eta handiagoa dela. Lehiakortasun handiagoa dago modalitate horretan.

Ze ezberdintasun dauden gimnasia erritmikoaren eta kirol aerobikoaren artean?

Nabarmenena aparatuen gabezia da. Kirol aerobikoan ez dugu aparaturik erabiltzen. Musika ere ezberdinak dira. Bi modalitateek komunean duten gauza bakarra da koreografia bat lantzen dela, eta koreografia horretan derrigorrezko elementu batzuk egin behar ditugula. Bestela, oso bestelako diziplinak dira. Entrenamendu eta exijentzia maila ezberdinak duten modalitateak dira.

Orduan gimnasia erritmikoa egiten duten guztiek ez dute balio kirol aerobikoa egiteko?

Ez, eta alderantziz ere ez. Diziplina bat edo beste egiteko ezaugarri ezberdinak behar dira. Gure kirol aerobikoaren taldean dauden 14 gimnastek, aurretik gimnasia erritmikoa egin dute. Baina, gimnasia erritmikoa egiten izan duten guztiek ez dute kirol aerobikoa egiteko ez gaitasunik ezta jarrerarik ere.

Izan ere, bi ezaugarri horiek hartzen ditugu kontuan –jarrera eta gaitasuna–, kirol aerobikoa egiteko gimnastak topatzerako orduan.

Gimnasia erritmikoak ordu asko eskatzen ditu entrenatzeko. Lan exijentzia handia eskatzen du. Erritmikoa egiteko denbora barik geratzen direnean, eta aurretik aipatutako jarrera eta gaitasunak badituzte, kirol aerobikora pasatzen dira.

Gimnasia erritmikoan ere neskatila piloa dituzue.

127 neskatila ditugu taldean. Gimnasia erritmikoan eskolarteko eta Gipuzkoako txapelketatan lehiatzen gara. Hortik gora begiratzeko, entrenatzen duguna baino askoz gehiago entrenatu beharko genuke.

Nola antolatzen dituzue entrenamenduak?

Zortzi taldetan banatu ditugu neskatilak. Bost entrenatzaile gaude eta bakoitzak bere taldea dauka. Guztion artean egiten dugu denboraldirako plangintza: koreografiak, musika, helburuak… baina lana, banaka egiten dugu. Nork bere neskatila taldea daukagu.

Nirekin batera daude entrenatzaile lanak egiten Edurne Elkoro, Miren Bragado, Arantzazu Zubia eta Jone Goikolea.

Zeintzuk dira aurtengorako dituzuen helburuak?

Gimnasia erritmikoa sustatzen jarraitu gura dugu. Hori da gure helburu nagusia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak