Mikel Navarro eta Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kideen hitzaldia, Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren edota Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariaren aurkezpenak izan dira jardunaldian. Horrez gain, Laboral Kutxa, Fremap, Elduaien Hizkuntza eskola, Berria Taldea edo Elhuyarrek hartu dute parte bilera azkarretan.
Aurkezpenean honela azaldu du Rober Gutierrezek 'Enpresarean 2013' jardunaldien helburua: "Euskaraz lan egin edota zerbitzua euskaraz eskaini nahi dutenei elkarlanerako gune bat eskaini nahi zaie. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, enpresa proiektu berriak sortzeko, euskaraz".
Saioa goizeko 10:00etan ireki da –aurrez sarrera instituzionala izan da- eta enpresa bakoitza aurrez berak hautatu dituen beste enpresekin elkartu da, hamar minutu inguruz, eta nahi adina bilera azkar egiteko aukera izan du. Ondoren, enpresa, sarea eta euskara hizpide hartuta, Maria Jose Aranguren eta Mikel Navarrok hitzaldia eman dute Euskal Autonomi Erkidegoko Lehiakortasuna: Etorkizuneko Ekoizpen Eraldaketa izenburupean. 12:30ean hitzordu azkarren saioen bigarren txanda hasi da.