Lirika zaleentzat gorriz markatutako hitzordua da Amaiako opera, honezkero. Ez alperrik, salmentan egon eta aste gutxira eserleku ia guztiak hartuta zeuden. Eta, horrela, Arrasateko antzokia goraino beteta, Verdiren operarik ezagunenaz gozatzeko gertu zeuden ikusleak. Prest, bai ikuskizunerako eta baita txaloetarako uzkur ez geratzeko intentzioarekin. Libiamo ne' lieti calici, La Traviata-ren brindisaren ereserki ezagunak animatutakoak, obraren zati ilun eta tristeagoetan ere eutsi zion eta txalorik kartsuenak Ainhoa Garmendiak jaso zituen Sempre libera, bakarlari gisara; eta duetoetan baita ere, Vallsekin batera Parigi, o cara, noi lasceremo xarmantean; eta Boschettirekin Dite alla giovine zoragarrian.
Abesbatzak eta orkestrak, muntaia eta partaide aldetik xume bai, baina interpretazio aldetik ederra eta lehen mailakoa izan zen La Traviata borobildu zuten.