Urte batzuk barru, 2013ko Maritxu Kajoi egunerako paperezko loreak egin, kalean saldu eta batutako dirua Caritasi eman izana lagun artean garrantzi handirik eman gabe kontatzeko pasadizoa izango da. Egungo egoeran, baina, ingurukoen arreta erakartzen duen ekintza da, besteak beste, protagonistek zortzi urte besterik ez dutelako.
Irene Goiarrola, Ainara Etxeberria, Uxue Zubillaga, Kiara Dorronsoro eta Itsaso Plaza dira elkartasun keinu hori gauzatu zutenak. Goiarrolaren ama da Oihana Ezkurra eta hark azaldu du dirua ematea haurrengandik ateratako zerbait izan zela: "Maritxu Kajoi egunez jantzi eta loreak kalean saldu nahi zituztela esan ziguten. Hasieran, zalantza egin genuen, txikiak zirelako, baina, azkenean, utzi egin genien. Hala ere, guraso batzuk apur bat kontrolatzen ibili ginen".
Loreekin 136 euro bildu zituzten eta gurasoek zati bat merienda bat egiteko gordetzea proposatu zieten; erantzuna garbia: dena Caritasi ematea.
"Umeek bazekiten zer den Caritas. Bazekiten beharra duen jendea joaten dela eta astebetean jendeari jaten eman diezaioketela", dio Ezkurrak. Caritasko arduradun Pilar Artzamendik pozik hartu zituen umeak.
Aipamena mezetan
Umeen ekintza horrek hainbat arlotako eragileen arreta erakarri du eta dirua eman eta hurrengo domekako mezetan Arrasateko apaizak elkartasunezko ekintza horren aipamena egin zuela jakinarazi diote Ezkurrari. Bada, ez da horrelako zerbait egin duen talde bakarra eta hura ere izan zuen gogoan apaizak.