Arrasateko ordenantza fiskalak %2 eta %4 igoko dira 2014an

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 29a, 20:49

Ezohiko bilkura egin dute Arrasaten eta beste hainbat gairen artean 2014ko ordenantza fiskalak izan dituzte hizpide. Orokorrean %2a igoko da, eta zabor tasak aldiz %4 igoko dira, Bestalde, bi mozio ere aurkeztu eta onartu dituzte gaurko bilkuran: 'Epaiketa politiko gehiagorik ez!' eta 'Jesus Mari Zabarte, Jose Gabriel Urizar eta Luis Mari Azkargorta aske uztea eskatzeko mozioa'. Biak ala biak onartu dira.

Ordenantza fiskalen proposamenak aldeko 11 eta kontrako 4 boto eskuratu ditu; beste 4 abstenitu egin dira. Maider Morras udal gobernuaren bozeramaleak aditzera eman duenez, %2ko igoera arrazoi ezberdinengatik proposatu dute. "Udalak bermatu behar ditu ematen dituen zerbitzuak, batez ere, ekonomikoki eta sozialki erantzun bat emateko herriari. Horregatik derrigorrezkoa ikusten dugu tasen igoera".

Igoera horrek herritarrei ez diela esfortzu handirik eskatuko azaldu du Morrasek. "Badakigu garaiak ez direla onak, eta herritarrak gaizki pasatzen ari direla. Horregatik une txarrak bizi dituztenek hobariak izango dituztela eta diru-laguntzak ere egokituko ditugu egoerara".

Bestalde, zaborraren kasuan tasak %4 igoko dira, eta %25eko hobaria izango dute, bestalde, konposta egiten dutenek. "Portzentaje horren baitan sartuko litzateke konposta egin ezean hondakin horien kudeaketagatik-eta ordaindu beharrekoa. Horregatik hobaria", azaldu dute.

Salbuespenak etxebizitzetan

Salbuespen kasu berriak ere onartu dira ordenantzetan. Ohikoak ez diren etxeengatik %50eko gainkarga aplikatuko zaie aurrerantzean beste honakoei, besteen artean: antolamendutik kanpo daudenak; ohiko bizileku ez direnak; merkataritza edo zerbitzu jarduertarako erabiltzen direnak.

EAJ hutsik dauden etxeei errekargua ezartzearen aurka azaldu da, "herritarrek egin dituzten hainbat erreklamazioen aurrean etxea hutsik badago ez dela zaborrik sortzen, Udalak kasu hauetan zabor tasa %100 kargatzea. Zertan geratzen gara, etxea hutsik dago edo ez dago hutsik?".

Bi mozio aurrera

Bi mozio ere onartu dira bilkuran. Bilduk Epaiketa politiko gehiagorik ez! izenekoa aurkeztu du. "Urriaren 14an eta 17an hamarnaka euskal herritarren aurkako epaiketa hasi zela eta", besteak beste, ez dadila epaiketa politiko gehiagorik egin eskatu dute, baita funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela eta "elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezarri daitezela".

Bestalde, Herri Bilguneak Jesus Mari Zabarte, Jose Gabriel Urizar eta Luis Mari Azkargorta aske uztea eskatzen duen mozioa aurkeztu du eta Arrasateko Udalari zuzendutako hainbat eskaera jasotzen dira bertan: "beraien askatasuna eskatuz  Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari eta Justizia Ministerioetara idaztea eta hiru kasuen jarraipena egitea eta egoerak eskatzen duenetan laguntza instituzionala ematea"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak