Verdiren 'La Traviata' opera gaur Amaia Antzokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 30a, 09:00

Giuseppe Verdi (Parma, 1813- Milan, 1901) musika konposatzaile ezagunaren jaiotzaren 200. urteurrenaren aitzakian, Arrasateko Ozenki elkarteak, italiarraren opera esanguratsuenetako bat den La Traviata ekarriko du Amaia Antzokira, gaur, urriaren 30ean, eguaztena, 20:00etan. Sarrerak agortuta daude.

Ozenki elkarteak, Udaleko kultura sailaren eta Mikel Lasa aseguru-artekaritzaren laguntzarekin, antolatutako hirugarren operaren emanaldirako sarreren bi herenak, aurreko edizioetan moduan, bizpahiru egunetan saldu ziren; oraingo edizioko sarrerak ere agortuta daude.

Garaiko egunerokotasunaz

Ozenki elkarteko Manu Gallardoren esanetan, Verdiren trilogia erromantikoaren barruan sartzen da La Traviata  (1853) obra, Rigoletto (1851) eta Il trovatore (1853) lanekin batera: "Kantu ezagun asko batzen ditu opera horrek, sarritan entzundako kantuak dira. Opera gehienetan moduan, horrek ere amodiozko istorio bat du argumentuaren oinarrian; kasu honetan, Violetta, emagaldua eta Alfredo Italiako gizarteko goi mailako kidearen artekoa; baina azken finean, garaiko gizarteaz eta egunerokotasunaz berba egiten duen istorioa da".

Maitasunaren aldeko burrukan amoranteek garaiko arau sozial eta etika moralak apurtuko dituzte, eta etxean izango dute etsairik handiena: Germont, Alfredoren aita. "Prostitutek euren funtzioa betetzen zuten garaiko gizartean, baina moral bikoitza zegoen eta giro horretatik kanpo, gaizki ikusita zeuden. Violettak gorteko muga horiek gaindituko ditu Alfredorekin maitemintzen denean, eta senargaiaren aitak ez du inondik ere onartuko semearentzako bikote kide hori, haren izena eta etorkizuna zikintzeko beldurragatik.

Izen handiko protagonistak

Ohikoa da opera konpainietan protagonista paper bakoitzeko, bizpahiru abeslari izatea. Guztiz ziurra ez bada ere, badirudi gurean izango diren protagonistak, Ainhoa Garmendia sopranoa (Violetta); Andrés Veramendi tenorea (Alfredo) eta Giulio Boschetti baritonoa (Germont) izango direla. "Ahalegindu gara Ainhoa gipuzkoarra etortzeko, orain gutxi Oviedoko Voz revelacion del año Teatro Campoamor saria eskuratu duena. Veramendi ere oso ona da; ezin hobeto datorkio papera, horren erakusle, Portugalen jaso berri dituen kritika onak" dio Gallardok.

Abeslariez gainera, Pleven-eko orkestra sinfonikoa ere badago: "Bulgariakoa da baina herrialde askotako musikari oso onak batzen ditu: alemanak, frantsesak, ingelesak, italiarrak. Ibilbide handia dute beste musika esparru batzuetan ere.

Ia hiru orduko iraupena

Bi ordu eta berrogeita bost minutu ditu. Bi atsedenaldi egingo dituzte: 15 eta 10 minututako bana, besteak beste, dekoratuak aldatu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak