Indusketa eremu berri bat laster Santa Barbaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 28a, 12:51

Azken urteetan Aranzadi zientzia elkarteko eta Arkeolan fundazioko ordezkariek hainbat indusketa eta zundaketa arkeologiko egin dituzte Santa Barbarako gune ezberdinetan. Bada, datozen egunotan Arkeolaneko Mertxe Urteagak eta Aranzadiko Jose Angel Barrutiabengoak gidatuta, eremu berri bat irekiko dute.

Arrasate pasealekuaren gainean egingo dute lan, Barrutiabengoak 2010ean lokalizatutako XVII. edo XVIII. mendeko iturriaren ondoan. Hau da, Arrasate pasealekutik Goikobalura doazen eskaileretan irekiko dute eremua; han ere lan egindakoa da Barrutiabengoa: "Jose Letona historialariak hil aurretik esan zidan gune hori aztertu eta mantendu beharrekoa zela. Gune horretan zundaketa lanak egin nituenean horma zati baten aztarnak aurkitu nituen eta pentsatzekoa da bertan behaketarako gune bat zegoela. Izan ere, bere garaian Leintz eta Ugaran bailaretatik zetozenak ikusteko leku ezin aproposagoa zen". 

Udalaren baimena jaso berri

Iaz Arkeolan fundazioko arduradunek Santa Barbara parkearen behealdean gazteluaren dorre zati bat zegoela ziurtatzeko aritu ziren lanean, baina Urteagak azaldu digu aztertutako aztarnen datazioak ez dira ordukoak. Horregatik Barrutiabengoak hasitako lanarekin jarraituko dute orain, indusketa eremua zabalduz: "Ea aztarna gehiago aurkitzen ditugun eta azalpen baliotsuagoak eman ditzakegun", dio Barrutiabengoak. Indusketak "ahalik eta azkarren" hastea da asmoa, Udalaren baimena jaso dute-eta; eguraldiak laguntzen badu baliteke aste honetan bertan ekitea. Gunea altxatu eta ikertu ostean berriz ere dena estaliko dute, aztarnak behar den moduan mantentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak