Villanueva txapeldun aurtengo Euskadiko Squash Txapelketa absolutuan

Ander Larrañaga 2013ko urr. 27a, 19:53

Arrasate Kirol Elkarteko Squash taldeak 2013ko Euskadiko Txapelketa absolutua antolatu zuen egubakoitzean eta atzo Arrasateko Musakolako kiroldegian. 32 jokalarik hartu zuten parte: AKE Squasheko 12 jokalari, Eibarreko bost, Sestaoko Benedikta Squash taldeko hiru, Iruñeko Oberena taldeko hiru, Hondarribiko Lur-Alai taldeko beste hiru, Gasteizko Free-Squash taldeko bi, Iruñeko Amaya taldeko beste bi, Zarautzeko bat eta beste jokalari independente bat. Etxeko ordezkarien artean, azpimarratzekoa Aritz Gordo arrasatearrak egindako lana, laugarren sailkatu zen-eta.

Egubakoitzean hasi zuten txapelketa lehen kanporaketa partiduekin, Musakolan. Atzo goizean ekin zioten final-laurdeneko eta finalaurreko partidei eta arratsaldean final partidak egin ziren. 

Amaya taldeko Javier Villanueva eta Oberena taldeko David Marin jokalariak izan ziren finala jokatu zutenak: azkenean, joko polit bat eta gero, Villanueva nafarrak eraman zuen txapela. 

Finalaurrekoan, Amaya taldeko Liam Kane ingelesa gelditu zen hirugarren eta Aritz Gordo arrasatearrak laugarren postua eskuratu zuen.

Emakume jokalari gutxi

Lagunarteko giroan igaro zuten asteburuko txapelketa adin, sexu eta toki desberdinetako jokalariak izan arren. Azpimarratzekoa da nesken partaidetza nahiko urria izan zela: bi emakumek hartu zuten parte soilik. AEK Squash taldeko Laura Saez eta Itsaso Villar izan ziren emakumezko bakarrak eta lehenengoak eraman zuen emakumezkoen txapela. Hala ere, lagunarteko txapelketa izan zenez, gizonezkoekin ere jokatu ziren Saez eta Villar.

Debagoiendar ugari jokoan

Esan bezala, AKE Squash taldeko 12 kidek hartu zuten parte Euskadiko Squash txapelketa absolutuan baina 5 izan ziren gehien gehien gailendu zirenak: emakumeetan aipaturiko Saez eta Villar, Junior mailan txapeldun geratu zen Xabier Gorosabel, Aritz Gordo laugarren postuan eta zortzigarren postua eskuratu zuen Harriet Arenaza.

Aritz Gordo arrasatearrak jokatutako finalaurrekoa izan zen partida maitatuenetarikoa ikusleen artean: Liam Kane ingelesarekin berdinduta zegoela bigarren jokoan, Kanek aurre egin zion azkenengoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak