Elortzak berak onartu digunez, "ez da erraza" Arrasateko literaturgintza goiz baten laburtzea. Garai askotako testuak hobeto ezagutu dituzte gaur: "Erdi Aroan, kanta zaharrek inportantzia handia izan zuten, eta hemen, Garibai, Juan Carlos Guerra eta beste liburugile batzuen bitartez gorde eta jaso izan dira".
XVIII. mendekoa da, bestalde, Actto para la Nochebuena, Pedro Ignacio de Barrutiarena, eta hori ere errepasatu dute gaur. Barrutia aramaioarra zen izatez, baina urte askoan eskribaua izan zen Arrasaten.
Kulturaten berriketaldia egin eta gero, kalera irten dira idazle ezagunen izenak dituzten lekuak ezagutzera: "Izena duten paraje eta leku horiei izana ere eman nahi izan diegu, azalpen batzuen bidez: hemen idazle hau bizi izan zen, hemen jaio zen, honakoa eta bestea idatzi zuen…", esan du Jerardo Elortzak.
Idazle Eskolak egiten duen halako laugarren ekintza izan da; aurretik Bergara ezagutu zuten Telesforo Monzonen lana aitzaki hartuta; Arantzazun, Mitxelena, Gandiaga eta Villasanteren lana aztertu zuten; eta Orexan, Orixe-ren lana.