Izen handirik ez duten mendizaleak, izen handiko gailurretan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 24a, 14:00

Lorpen handi baten aurrean ere umiltasun hitzak dituen horietakoa da Egoitz Zubizarreta (Arrasate, 1978): "Gu ez gara profesionalak. 20 urterekin hasi nintzen eskalada munduan, orduan beti nengoen Araotzen sartuta". Aspaldiko zaletasuna du eskalada, bai, baina eskalatzen aritzen den edonor ez da gai Patagonian 3.000 metro pasatxora dauden eta erabat bertikalak diren gailurretara heltzeko. 2012ko abenduan joan zen lehenengoz Patagoniara eta lehen aldian eskalada munduan izen handia duten bi gailur egin zituen Zubizarretak haren bidelagunarekin, Aitor Aranburu irundarrarekin: Cerro Torre (3.133 metro) eta Aguja Poincenot (3.002 metro).

Astelehenean, Besaide elkartearen Mendi Hamabostaldiaren barruan, Kulturaten egon zen Zubizarreta iazko abentura azaltzen: "Buenos Airesetik zuzenean joan ginen El Chaltenera. Herri txiki bat da El Chalten, eta handik hainbat mendi egin daitezke. Guk bi egin genituen, Aguja Poincenot eta Cerro Torre".

(Zubizarreta eta Aranburu Cerro Torreko gailurrean)

Elurra, izotza eta haitza

Elur-eskalada zein eskalada mistoa tartekatu zituzten: "Piolet eta kranpoiekin igo genituen, elurra, izotza eta haitza tarteko". Esperientzia ederra izan zela gaineratu digu: "Oso positiboa izan zen. Lehen aldian joan eta Cerro Torre igotzea loteria tokatzea baino zailagoa da. Zortea izan genuen, eguraldi oso ona eta beraz, oso baldintza egokiak. Han baldintzak ez badira onak ez zara herritik irteten. Aukera aprobetxatu genuen; oso pozik gaude". Etorkizun hurbilerako ez du beste mendirik buruan: "Gogo handiak ditut mendira joateko baina ez dut ezer zehatzik buruan".

(Zubizarreta Cerro Torre tontorrerako azken horma ikusgarria parean duela)

Orientazio raid-a eta irteera

Besaide elkartearen Mendi Hamabostaldiarekin amaitzeko, zapatuan umeendako orientazio raid bat egingo dute Monterron parkean (10:00) eta domekan mendi martxa herrikoia egingo dute Udalatxera. 09:00etan irtengo dira Monterronetik.

(Igoera bertikalaren tarte luzeetako bat)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak