Azaroaren 4an irekiko dute Arrasateko neguko aterpetxea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 22a, 18:16

Arrasateko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak aditzera eman duenez, azaroaren 4an irekiko dute neguko aterpetxea. Aurten espero ez zuten oztopo bati egin behar izan diote aurre: abuztuan, aterpetxea itxita zegoen bitartean, zenbait pertsona sartu eta hainbat kalte eragin zituzten. Zerbitzuaren helburuak dira etxerik gabeko pertsonei negua pasatzeko lekua eskaintzea, beste baliabideetarako sarrera erraztea eta prest agertzen direnei bizi duten egoera sozio-pertsonala hobetzera bideratzeko beharrezkoa den interbentzioa egitea.

Abuztuan eragindako kalteen artean, honakoen berri eman zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean: su-itzalgailuak lokal osoan zehar hustu zituzten eta beraz, bertan zeuden manta, toalla, almoada, koltxoi, altzari maindire eta arropa guztiak su-itzalgailu horien produktuaz zikindu zituzten. Era berean, zabor poltsak sartu zituzten, bi berogailu elektriko ostu, instalakuntza elektrikoa kaltetu eta dutxetan zein komunetan beste hainbat kalte eragin.

Garbitu eta egokitzeak, 2.600 euroko gastua

Peritoak kalteak aztertu ondoren, segurutik 2.421 euro kobratuko dela jakinarazi zuen urriaren 14an, kopuru horretan zehazki zein kalte eta konponketa sarturik dauden argitu ez badute ere . Baina kontuan hartuta neguko aterpetxea azaroaren 4an ireki gura dela eta garbiketa ahalik eta azkarren egitea komeni dela, honakoa onartu zen tokiko batzarrean: lokalaren garbiketarako Ausolanek aurkeztutako 1.609 euroko aurrekontua –BEZ barne– onartzea eta aterpetxerako bi berogailu eta gortina erosteko 1.000 euroko baimena ematea. Beraz, abuztuan eragindako kalteek Udalari 2.600 euroko gastua suposatuko die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak