Duela urte batzuk banatu zituzten lehenengo liburu eta gida pedagogikoak, hala ere, aurten osatu dute sorta osoa. Proiektuaren hasieran, Hik Hasi Oreretako aldizkariko langileekin harremanetan jarri eta horiek egindako lana oinarri bezala hartuz lanean hasi ziren. Jose Mari Auzmendi, Hik Hasi aldizkariko koordinatzailea, bidelagun izan dute urte hauetan zehar, aholkulari lanetan batez ere.
Herria ezagutzen bilduma dagoeneko ikastetxeetan banatu dute, Lehen Hezkuntzako ikasmaila bakoitzari liburu bat dagokio, eta unitate bakoitzean herriko historiaren zati bat aztertzen dute. Historia aurretik hasi eta industrializaziora arte.
Ibilbide didaktikoak
Unitate didaktikoak, ikasleentzako liburuaz gain, irakasle edo hezitzaileentzako gida pedagogikoa dakar; bertan azalpenak eman eta ikasitakoa ezagutzeko ibilbide didaktikoak planteatzen ditu. Auzmendiren ustetan, produktu interesgarria da, eragile askoren beharrak hartu direlako kontutan eta bertakoek egindakoa delako.
Udaleko web-gunean deskargatzeko aukera
Proiektu hau aurrera eramateko, 20,000 euro inguruko aurrekontua izan dute, lau urtean banatuta. Esan bezala Arrasaten sorturiko produktua da, marrazkiak adibidez, Aitziber Alonsok egin zituen. Eta jakintza hau apal batean ahaztuta geratu ez dadin; Arrasateko Udaleko web-gunean, unitate hauek deskargatzeko aukera dago, horrela edonor gure herriaren historian murgildu ahal izateko. Hala ere sorta hau lehena bai, baina baliteke azkena ez izatea; hurrengo pausoa Bigarren Hezkuntzako ikasleei bideraturikoa izan daiteke eta.