Txatxilipurdik eta Zahar-Berrik Guraso Eguna antolatu dute urriaren 26rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urriaren 22a

Euskararen transmisioan familiak duen garrantziaz ohartaraztea, jolasen bueltan eta une atsegina pasatzeko asmoz. Hori da zapaturako, hilak 26, Txatxilipurdik eta Zahar-Berri programak elkarlanean antolatu duten Arrasateko Guraso Egunaren helburu nagusia: "Beharrezkoa ikusten dugu gurasoek edota familiako kide helduek euskararen erabileraren hautua egitea, azken finean ahalegin pertsonal honi esker emango baita integrazio linguistikoa".

Integrazio linguistiko hori lortzeko Guraso-lagun izeneko ekimena jarri gura dute martxan bi elkarteek. Hau da, gurasoen artean euskarazko mintzapraktika saioak izango lirateke. Zapatuan ekimen horretan izena emateko aukera egongo da; Seber Altube plazan, 11:00etatik 13:00etara.

Antolatzaileek aditzera eman dute zapatuko jaia nori dagoen bereziki zuzenduta: "Familian euskaraz hitz egiteko ohitura duzuenontzat eta bizitzan euskara ikasten ari zareten gurasoentzat pentsatua dago. Jolasen inguruan, gurasoak eta umeak elkartu nahi zaituztegu".

Askotariko jolasak

Zapatuko jaiaren helburua da, esandako moduan, familian euskaraz jolasteko tartea eskaintzea da eta bide batez hizkuntza transmisioaren garrantzia azpimarratzea. Honako jolasak egingo dituzte, antolatzaileek aurreratu dutenez: euskal kantu eta jolasak, jolas erraldoiak, jolas kooperatiboak eta birziklatzeko tailerra.

Era berean, haurrendako bigarren eskuko euskarazko jolasak, ipuinak, CDak eta DVDak egongo dira "oso merke" salgai. Amaitzeko Guraso-lagun egitasmoan izena emateko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak