Azoka Plazarako hainbat erosketa egingo dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 21a, 18:02

Arrasaten hainbat urtez eguaztenetan eta egubakoitzetan bakarrik funtzionatu izan duen udal azoka aldaketa prozesuan dago. Bagara hasi zen azoka biziberritzeko ekimen horretan sustatzaile lanak egiten eta dagoeneko asko dira inplikatu diren herritarrak eta eragileak. Aldaketa prozesu horren azken adibidea izan da zapatuko Elkartruke Azoka. Urriko merkatuan, ohiko produktuez gain, musikari eta literaturari egin zioten tarte berezia: liburuak, biniloak, kaseteak eta DVDak trukatzeko aukera ezin hobea izan zuten bertaratutakoek.

Udala ere hasieratik inplikatu zen azoka biziberritzeko ekimenean. Azoka Plazaren gainean hartutako azken erabakia izan zen "proiektuaren garapenerako beharrezkoak diren" hainbat erosketa egitea. Udalak egingo dituen erosketak honakoak dira: 30 mahai, 35 mantel, kartelak eta poltsa erabilgarriak. 11.300 euro xahutuko dute erosketa horiek egiten.

Igogailua ere beharrezkoa

Horrez gain, azokak aspalditik behar duen igogailua lortzeko ahalegin berezia egin du Udalak. Diru-laguntza berezi bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari; hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duen laguntza da. Hobekuntza-obrak eta irisgarritasun planak eguneratzeko ematen da, baldin eta onura publikoa argia izan.

Bada, laguntza horien helburuarekin bat datorrela iritzita, Udaleko Hirigintza Batzordeak igogailua jartzeko 88.170 euroko diru-laguntza eskatu dio Jaurlaritzari: "Helburua da azokaren irisgarritasuna bermatzea. Aipatzekoa da ere egitasmo hori Arrasateko Irisgarritasun Planaren barruan dagoen esku-hartze bat dela".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak