Arrasateko Udalak ikastaroa antolatu du Emausek kudeatuko duen Ekozenterrari begira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urriaren 21a

Berrerabilpenaren kultura indartzea "beharrezkoa" dela iritzita, Arrasateko Udalak hondakinen tratamenduari buruzko ikastaroa antolatu du Emaus Fundazioarekin batera. Ikastaroan 70 langabek eman dute izena eta horietatik 12 aukeratuko dituzte 2014ko lehen hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusten duten Ekozenterrean lan egiteko. 80 ordukoa izango da ikastaroa, eta urriaren 28an hasi eta abenduaren 4an amaituko da.

Arrasateko Udala berrerabilpenaren kultura indartu guran dabil. Ingurumenaren zaintzaz haratago, ekonomia eta enplegua bultzatzeko aukera moduan ikusten dute eta horren adibide da, besteak beste, Emaus Fundazioarekin elkarlanean Gipuzkoako hirugarren Ekozenterra Arrasaten irekiko dela: "Berrerabilpenaren jarrera hori bultzatzeko, gizarteratzeko prozesuak indartzeko eta zentzu horretan lanpostuak sortzeko baliabide garrantzitsu bat delako egin dugu Ekozenterra Arrasaten ezartzeko apustua", adierazi du Inazio Azkarragaurizar alkateak gaur goizean Kulturateko areto nagusian egindako agerraldian.

Emaus Fundazioko zuzendari Javier Pradinik azaldu du zein izango den Ekozenterraren planteamendua, 2014ko lehen hiruhilekoan martxan egotea espero dutena: "Udalak jarriko duen Ekozenterrarekin planteatzen duguna da kudeaketarako, bilketarako, tratamendurako eta aprobetxamendurako sistema bat jartzea, tamaina handiko ehungintzari dagokionez. Berrerabilpena lehenetsiko da sistema horretan, hau da, oraindik erabilgarriak diren produktuen bizitza luzatuko dugu, beste modu batera zabortegian amaituko zuten-eta", esan du Pradinik.

Asam pabiloia "alokairu "sinboliko" baten

Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euro jarri ditu mahai gainean, eta horrekin batera Musakola auzoko Bidekurutzeta kaleko Asam pabilioia utzi dio Arrasateko Udalak Emaus Fundazioari, "alokairu sinboliko" baten. Gainera, Ekozenterraren egitasmo horren barruan, Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Sailak ikastaro bat antolatu du. Gizarteratze prozesuan dauden herritarrei dago zuzenduta: "Berrerabilpenaren kultura edo bide hori zabaltzeko baliabide sozial bat ere sortzen da gizarteratzeko beharra edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonei aukera egoki bat emateko euren egoera zail horretatik irteten laguntzeko", esan du Garmendiak.

Ikastaroa, 12 lagunendako

70 pertsonek eman dute izena, langabeak guztiak, eta horietatik 12 aukeratuko dituzte. 80 ordukoa izango da ikastaroa, eta urriaren 28an hasi eta abenduaren 4an amaituko da. Hondakinen bilketa eta tratamenduaren gaineko ereduak ezagutuko dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak