Ford Mugarri, liga hasiera onari jarraipena ematera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 18a, 10:00

Ford Mugarrik Leioako Quiron Askartza taldearen bisita izango du bihar Iturripen (18:30). Arrasateko taldeak denboraldi hasiera onari eutsi gura dio, eta azken astean Santoñan emandako erakustaldiari jarraipena eman. Ezin da ahaztu, Lehen Nazional mailara igo berri, jokatu dituzten lau partiduetatik hiru irabazi dituztela eta bakarra galdu. Zortzi puntutik sei lortu dituzte: "Oso baikorra izanda ere inork ez luke pentsatuko horrenbeste puntu ateratzea", esan digu Pablo Gartzia entrenatzaileak.

Aurkariaren gainean honakoa uste du Gartziak: "Oso talde ona da, azken jardunaldian lehen sailkatua garaitu zuten, eta beraz, zaila izango da irabaztea".

Defentsan are gehiago hobetu

Taldea bide onean doala uste du entrenatzaile oñatiarrak: "Apurka hobetzen ari gara, taldearen bilakaera ona dela esango nuke. Hori bai, oraindik asko dago hobetzeko. Denboraldia oso luzea da eta ezin gara erlaxatu". Izan ere, Lehen Nazional Mailan ez dago erlaxatzerik: "Konturatu gara liga honetan edozein taldek irabaz dezakeela, talde guztiek maila berdintsua dutela". Erasoko jokoan oso jokalari trebeak ditu Ford Mugarrik baina defentsako lana erasokoa bezain garrantzitsua da maila honetan, Gartziaren arabera: "Defentsan hobetu dugu bai, baina hobetzeko asko dugu oraindik".

Kantxaren egoera auzian

Bestalde, kirol arlotik haratago, Iturripeko kantxa izan da Arrasate Eskubaloi Taldearen kexa nagusia denboraldia hasi zenetik. Oso labainkor egon dela salatu izan dute. Azken egunotan kantxaren egoera hobetzeko lanean aritu dira baina Gartziak ezin du egoera hobetu den azaldu, martitzenean entrenamendua Aretxabaletan izan zuelako. Gaurko saioan ziurtatu ahalko dute kantxaren egoerak hobera egin duen edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak