Ainhoa Etxaide, LAB: "Herrialde moduan porrota da baina ez da kooperatibismoaren erorketa"

Jon Berezibar 2013ko urriaren 17a

Fagor Etxetresnen egoera "herrialde moduan porrota" dela diote sindikatutik baina ez dela "kooperatibismoaren erorketa", inondik inora. LAB sindikatuak adierazi du "arazoaren parte sentitzen" dela eta "konponbidearen parte" ere izan gura duela, ondorioz.

Kooperatibaren egoera industria-arloko ekimenik ezari eta politika zehatz batzuei egozten die. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak zehaztu duenez, sindikatuek ez dute ordezkaritzarik Fagor Etxetresnetan, baina, hala eta guztiz ere, "arazoaren parte" direla eta "ondorioz, konponbidearen parte ere" izan gura dutela azaldu du. Gaineratu du egoerak "eskualdeari, Gipuzkoa osoari eta mendeko industria askori eta komertzioari" eragingo diola.

Etxaiderentzat, egoera honek ez du kolokan jartzen kooperatibismoa bera eta "erori dena estrategia zehatz bat, errealitate bat" izan da, harentzat. Estrategia industriala aldatu eta haren aldeko apustu baten alde egin du LAB sindikatuko idazkari nagusiak, Industriaren Mahaia berreskuratu beharko litzatekeela argudiatuz. Industrian inbertitzeko estrategia baten eta enpresarien eskuetan dirua ipintzearekin zerikusirik ez duten politika publikoen alde azaldu da, baina halako jarrerarik ez duela inongo erakundetan ikusten, "ez Aldundian, ezta Jaurlaritzan ere", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak