Eusko Jaurlaritza: "Espero zitekeen albiste txarrena da"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urriaren 16a

Eusko Jaurlaritzak bidalitako prentsa-oharra, osorik:

"Fagor Taldeak hartzekodunen aurrekonkurtso bat aipatutako baldintzetan egiteko hartutako erabakiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak zera adierazten du:

  1. Atsekabetuta dago Fagor Taldeak eta Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnak enpresari lotuta muturreko erabaki hori hartu dutelako. Hain zuzen ere, espero zitekeen albiste txarrena da. 
  1. Eusko Jaurlaritzak, enpresaren egoera ezagututa, jakin badaki oso zaila dela enpresaren jardueraren eta lanpostuen zati bati eusteko bideragarritasun plan bat diseinatzea eta gauzatzea. Hala ere, Jaurlaritzak enpresa bideragarria egingo duen eszenatokian lanean jarraitzen du.
  1. Eusko Jaurlaritza, legegintzaldiaren hasieratik, zailtasunak dauzkaten Euskadiko enpresa guztiei ekoizpen-jarduerari eta lanpostuei eusten laguntzeko biziki eta zintzoki inplikatu da, eta hedaduraz, baita Fagorren kasuan ere.
  1. Fagorri dagokionez, Eusko Jaurlaritza, lehenengo fasean, enpresak erakutsitako bideragarritasun plan baten eskutik, enpresaren suspertzean inplikatu da eta horretarako laguntza eman du; bigarren fasean, berriz, jarduerari eta lanpostuei eusteko laguntza eman dio. In extremis egoera honetara iritsita –enpresaren gaur egungo egiturari begiratuz, eutsiezina–, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko eta bertako merkatuaren errealitatearekin bat datorren bideragarritasun plan zorrotz bat babesten jarraitzen du.   
  1. Industria-sektorea Eusko Jaurlaritzaren jardueraren lehentasunezko ardatzetako bat dela kontuan hartuz, balio erantsi handiena daukan jardueraren zatia berregituratzeko aukera aztertzearen alde egiten dugu, ahalik eta lanpostu gehienei eutsi diezaien.
  1. Horretarako, Mondragon Korporazioa zuzenki inplikatu beharko litzateke eta enpresaren negozio-lerro bakoitzaren analisi zehatza egiteko baterako lana egin beharko litzateke.
  1. Orain arte egindako baterako ahaleginak, bai Mondragon Korporazioaren aldetik bai Euskadiko erakundeen aldetik, eredugarria izan behar du eta etorkizunean jarraipena eduki behar du, Fagor Etxetresnak enpresak gaur iragarri duen muturreko neurria gauzatzea saihesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak