35/02 eta 26/11 epaiketen kontra manifestazioa deitu dute Arrasaten eguenerako

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 16a, 11:12

"Epaiketok argi erakusten dute Auzitegi Nazionalean ez dagoela justiziarik, legalitatea eta justizia ez datozela beti bat; jarduera zibil eta politikoak epaitzen dituela auzitegi honek eta, frogarik izan gabe ere, urte luzerako espetxera zaitzaketela", deitzaileen esanetan. Konponbide garaia dela aldarrikatu dute eta herritarrei dei egin diete eguenean, 19:30ean, Seberotik aterako den manifestazioan parte hartzera.

"Konponbide garaia da. Jendartea nazkatuta dago horrenbeste errepresiorekin. Epaiketekin bukatzeko eta espetxeak husteko garaia da. Orain beste fase batean gaude, bi urte joan dira Aieteko Adierazpenetik eta ETAren erabakitik, Euskal Herrian oso zabaldua dago konponbide integralaren beharra... eta orain juxtu aktibatzen dituzte epaiketa hauek", diote antolatzaileek. Eta "estatu espainiarrak une honetan halako epaiketa politikoak abiatzea" ez da kasualitatea, euren esanetan: "Euskal Herrian bizi den gatazka politikoaren konponbidea oztopatzeko erabiltzen ditu, besteak beste, epaiketa hauek. Hauen bidez, gatazkaren ondorioei zein arrazoiei konponbidea emango dien irtenbide integrala eragotzi, edo gutxienez, atzeratu nahi du. Eta horrela, irmotasun irudi bat ematen die PPren barnean lerrokatzen diren bakearen kontrako sektorerik atzerakoienei".

Ez da hori, ordea, Euskal Herrian bizi den giroa, euren iritziz: "Ezker abertzaleak azken urteotan emandako urrats ausartek, euskal herritarrongan itxaropena sortu dute. Eta euskal jendartearen gehiengo zabalak badaki aukera honi ezin zaiola ihes egiten utzi, eta ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa direla gatazka politiko hau gainditzeko tresnak".

"Izan daitezela azkenak"

Epaiketa hauek ez direla lehenak, baina azkenak izatea nahi dutela esan, eta guztien konpromisoa aldarrikatu dute: "Ideia guztien defentsan eta gatazkaren behin-betiko konponbidearen alde zaudeten guztiei eskatu nahi dizuegu, elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia dela".

Bihar, eguena, hilak 17, 19:30ean Seberotik irtengo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte. Irati libre! Epaiketarik ez! Elkartasunetik konpromisora! leloa izango du manifestazioak.

Bide batez, gogora ekarri dute Irati Tabernan daudela salgai, urriaren 26ko Bilboko manifestaziora joateko autobuseko txartelak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak