Fagor Etxetresnak ez dira SA bilakatuko, eta Garagartza ez da desmantelatuko

Leire Kortabarria 2013ko urr. 14a, 14:38

Fagor Etxetresnek "oso aste garrantzitsua" dute oraingoa, izan ere, zorrari aurre egiteko finantzazioa lortzeko lanean dabil eta aste honetan etor daiteke soluzio hori. Fagor Etxetresnek baieztatu diote Goienari "hainbat aukera" daudela zabalik eta finantzazio hori lortuko duten itxaropena eta ustea dutela. Oraingoz inongo akordiorik eta ezta aurre-akordiorik ere ez dagoela esan dute kooperatibako iturri ofizialek.
Azken ordua: Mondragon Inversionesek batzarra dauka gaur arratsaldean, eta gaien artean dago Fagor Etxetresnen egoera. Etxetresnetako ordezkariek zenbait informazio emango dute batzar horretan. Hor lantzen dena bazkide eta langileei jakinaraziko zaie lehenengo.

Joan den zapatua ezkero hainbat komunikabidek kaleratu dituzten datu batzuk gezurtatu dituzte Fagor Etxetresnek; tartean, ez dela SA bihurtzea aurreikusten eta hori ez dagoela mahai gaineko aukeren artean. Horrez gain, zorra 700 milioikoa dela ere gezurtatu egin dute. Bestalde, iturri ez ofizialek esan dutenez, Fagor Etxetresnek 120 milioi euro behar ditu lehenbailehen; iturri horien esanetan, 50 milioi Brandt filialaren lantegiak ixteko, eta 70, beste lantegiek aurrera jarraitzeko materiala erosteko.

Joan den astean, Hozkailuen lerroa lanik gabe egon zen "eskaera faltagatik", eta gaur hasi dira lanean. Berriz, Garagartzako Garbiketa lerroa ere lanik gabe dago hornikuntza faltagatik. Frantziako lantegi bat ere geldirik dago. Fagorrek esan du "laster berriz ekoizten hastea espero" duela.

Datorren urtean, Hozkailuen lerro osoa kendu egingo dute Arrasatetik eta Poloniara eroango dute, eta bertako langileei "birkokapenak eta aurre-erretiroak" eskainiko zaizkie. Dena dela, "Garagartza ez da desmantelatuko", Fagorren esanetan.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian eta Espainian 2.000 langile inguru dituzte Fagor Etxetresnek. Langile kopurua murrizten joan da krisia hasi zenetik. 2011. urtea ezkero, aurre-erretiroak eskaintzen dabil kooperatiba. Fagor Etxetresnek esan dutenez, Poloniako lantegia erosi zutenetik langileendako "beste bide batzuk" bilatu dituzte, eta "ahalik eta lanpostu gehienek hemen jarrai dezaten" ahaleginduko dira.

Fagor Etxetresnek espero bezala, aste honetan zorrari aurre egiteko behar duten finantzazioa lortzen badute, aurrerantzean Plan Estrategikoa aurrera eramango dute. Horren barruan egin zuten Plan Industriala, oraindik onartu gabe dagoena. Finantzaketa hori lortzen badute, Plan Industriala onartuko dute, seguruenik.

Bestalde, Fagorreko bazkideen eta bazkide erretiratuen artean sortu den ezinegona ikusita, "bazkideen dirua bazkideena" dela azpimarratu du Fagorrek, eta horren gainean egin behar den edozer gauza "bazkideei jakinaraziko" zaiela. Dena dela, "zorra kooperatibarena" dela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak