Aitor Laskurain: "Zerbitzua Mondrako lehenengo eta bigarren taldeetara bakarrik bideratzeko asmoa dugu"

Iure Eizagirre 2013ko urr. 15a, 02:00

Esperientzia handia du Aitor Laskurainek (Arrasate, 1980) fisioterapeuta moduan. Otalora Lizentziaduna kalean du kontsulta baina handik kanpo lan handia egiten du: hamar urte daramatza Realean eta 2011-2012 denboraldi amaieran Mondrari laguntzen hasi zen.

Bigarren denboraldi osoa duzu Mondran. Aldaketarik nabaritu  duzu aurreko denboralditik?

Badago zuzendaritza bat, mugatuta egonda ere, gauzak oso ondo egiten ari dena. Gauzak eraldatzen eta gaizki daudenak hobetzen hasi dira eta izugarrizko lana ari dira egiten.

Kirol arloari begiratuta aldaketa egon da: goiko taldeak maila galdu du eta zazpi edo zortzi gaztek ez dute taldean jarraitu. Ondorioz, 17-18 urteko sei edo zazpi gazterekin hasi gara lanean.  Esperientzia falta dago baina gose handia ere bai. Eta horrek taldea bizi egotea eragiten du. Bestalde, entrenatzaileak ere berriak dira.

Hain zuzen ere, Gorengo Mailan jokatzen duten Julen Losadak eta Andoni Aizpuruak min hartu dute denboraldi hasieran.

Kasualitatez, partidu berean bi jokalarik lesio berdina izan zuten. Duela egun batzuk eman ziguten diagnosia: aurreko lotailu gurutzatua puskatua dute eta operatu zain daude. Nahiko lesio luzea da, profesionalek sei hilabete behar izaten dituzte osatzeko eta amateurrek zortzi-edo.

Baliteke Andoni lehenago operatu operatzea. Baina, zazpi edo zortzi hilabeteko lesioa da, gauzak ondo joanda. Eta bi jokalari garrantzitsu dira taldearendako.

Jokalarien osasunaz arduratzen zara. Honelako egoeretan zer egin dezakezu zuk?

Lotailua apurtuta dago jada, baina lagundu dezaket edema xurgatzeko prozesuan. Belauna egonkortu daiteke eta koadrizepsean muskulatura ez galtzeko lan egin. Lagundu dezaket operazio ondorengo errehabilitazioa errazagoa izan dadin.

Operatu ondoren ez dakit mutualitate batek hartuko duen mutil hauek guztiz osatzeko erantzukizuna edo nik egin beharko dudan baina orain badago lan bat osatzeko epea murrizten lagunduko duena. 

Gorengo Mailan dagoen taldeaz ari gara, baina Mondrako beheko mailetan ere aritzen zara, ezta? 

Joan den urtean ni nintzen arduraduna, nik jasotzen nuen klub guztiaren informazioa eta beste taldetan gaur egun inork ez du egiten hori.

Nire helburua hasieratik izan da Mondrari laguntzea, kluba egoera xelebrean ikusi nuen eta laguntzearren talde guztiekin hasi nintzen lanean baina gehiegizkoa da: infantilak, alebinak, neskak, kadeteak, jubenilak...

Orduan?

Zuzendaritzarekin bildu naiz eta  adierazi diet nire laguntzeko asmoa berdina dela baina bolumen handia dela. Ondorioz, nire zerbitzua Mondrako lehenengo eta bigarren taldetara bideratzeko asmoa dugu eta beste mailatan taldeko entrenatzaileen edo beste arduradunen esku gera daiteke arlo hori. Horretarako hitzaldi informatiboak egin behar dira eta gurasoekin elkartu behar gara informazioa emateko. Oinarri-futbol guztiko jokalarien gurasoei emango zaie elikadura, prebentzioa eta metodologia bezalako gaiei buruz informazioa. 

Entrenatzaileek dagoeneko badute informazio hori. Gainera, entrenatzaileak horretan heziak dira eta prestatzaile fisikoen laguntza dute.

Beheko mailetako jokalariei, behar izanez gero, zuzeneko zerbitzua eskainiko diet baina modu pribatuan. Nahi badute etorriko dira nigana edo nahi badute beste toki batera joango dira. Nigana etortzeak duena da klubeko beste arduradunekin lotura izatea: diagnosia egiteko, lantzea komeni zaiona adierazteko... 

Maila ezberdinetan aritua, adinaren arabera aldatu egiten da lan egiteko modua?

Bai, adinaren arabera bai. Demagun alebin batekin gabiltzala, zaintiratu bat egin du eta zailagoa da lotailu hori mintzea, adibidez. Askotan adin horretan hanka geldirik izatearekin nahikoa da, gero indartzeko eta ondoren berriro futbolean jokatzeko. Tratatu gabe ere osatu daiteke.

Nagusi batekin agian, edema bat sortzen da, handituta dago eta egon zaitezke bizpahiru egun lasaiago, zauria hobetzeko helburuarekin baina gero prozesu luzeagoa izango da. 

Txikia hazten ari delako eta helduak dagoeneko gorputza egina duelako, askotan ez da komeni gehiegi manipulatzea.

Bestalde, muskuluei dagokionez, txikiak ez dira kontziente mina zer den eta muturreraino karga dezakete, mina hartu arte. Helduak, berriz, adierazi egiten du eta puskatu baino lehen azalduko dizu bere karga.

Zentzu horretan, zenbateko garrantzia du prebentzioak?

Beti da egokia. Ez bakarrik aerobikoki nola zauden baizik eta tonu muskularra, oreka lana… Baina denbora inbertsioa dago hor eta askotan alebin edo infantilekin ez duzu denborarik hori guztia lantzeko.

Mondrako jokalarien gurasoei lesioen prebentzioari eta elikadurari buruzko hitzaldiren bat eman diezue.

Gurasoak parte-hartzaileak izatea nahi dugu eta hainbat aholku eman dizkiegu. Elikadura hobetzea, deskantsua eta hidratazioa, adibidez, garrantzitsuak direla adierazi diegu. 

Guztiok gazteei mezu bera ematea da aholku horien helburua, hau da, denok ideia bera transmititzea jokalari gazteei.

Realean ibilitakoa zara. Han jarraitzen duzu?

Bai, 2003an hasi nintzen Realean eta oraindik ere han jarraitzen dut lanean.

Nola heldu zinen hara?

Futbola uzteko asmoa nuen eta UPV/EHUz arduratzeko aukera sortu zitzaidan. Urte hartan Realak hartu zuen taldea, Lehen Mailan, Bigarren B mailan eta jubeniletan zituelako taldeak. Azken horien artean jauzi handia  dago eta tarteko mailan zegoen UPV/EHU hartu zuen.

Realeko medikuekin harremanetan hasi nintzen orduan eta Vila-realen zegoen txapelketa batera bidali ninduten. Dinamika horretan hasi nintzen eta bospasei txapelketa egin ondoren, medikuak astebetez Zubietara lehen taldekoekin lan egitera joateko gonbita egin zidan. Gero asteburuetarako konpromisoa hartzen nuen galdetu zidaten eta baietz, oso gustura.

Han ere maila ezberdinetako taldetan ibili zara?

Hamar urte pasa dira heldu nintzenetik eta denean ibili naiz: udalekuak, alebin, infantil, kadete, jubenil, Sanserekin partiduren batean, nesken taldean urte eta erdiz, igandetan lehen taldeko lesionatuekin Zubietan...

Eta gaur egun non zabiltza?

Jubenil Eason nago, Realaren jubeniletako bigarren taldean. Liga Nazionalean gabiltza eta gu baino bi urte gehiago dituztenen aurka ere jokatzen dugu.

Lan egiterakoan asko nabarituko da Reala edo Mondra bezalako talde baten arteko aldea, ezta?

Normala da, Mondrak sarrera eta irteera gutxi ditu. Hamar pertsona daude gauzak hobeto ikustearen truke lanean, azkenean herritar batzuk dabiltza horretan. Eta Reala beste mundu bat da: Gipuzkoa guztia dago hor, zaleak daude, azpiegiturak...

Mondran pertsona batek egin behar du dena. Zerbait larria dela ikusten badut, Alberto Garai kirol medikuarengan jo dezaket laguntza eske eta gero Futbol Federazioko medikua dago. Reala, berriz, goi mailako taldea da eta asko exijitzeaz gain, asko eskaintzen du: medikua, fisioterapeuta, prestatzaile fisikoa... Hemen katea motxagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak