Iro Landaluze: "Basoa perretxikoak eman ditzan egokitzea da planteatzen duguna"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 14a, 17:00

Perretxiko zaletzat du bere burua eta txikitatik erakarri dio mundu horrek; Iro Landaluze (Abadiño, 1960) ezaguna izango da askorendako. Egubakoitzean Bedoñako eskola-etxean arituko da hizlari Jaime Olaizola nekazaritza ingeniariarekin batera, Bedoña batu elkarteak antolatutako saioan. Landaluzerekin egin dugu berba, hitzalditik zer aurrera daitekeen jakiteko.

Bedoña auzoko eskola-etxean izango da basogintza mikologikoari eta mikorrizazioari buruzko hitzaldia. Landaluzerekin batera, Plentziako Unibertsitateko irakaslea eta nekazaritza ingeniaria den Jaime Olaizola egongo da bertan. Hitzaldia egubakoitzean, hilak 18, izango da, 19:30ean. Interesatuek hilaren 16ra arte eman ahalko dute izena, 688 88 79 09 telefonoan. Auzokoek bost euro ordaindu beharko dute eta auzokoak ez direnek, berriz, hamar euro.

Zer da basogintza mikologikoa?
Labur esateko, basoa  perretxikoak ekoizteko gune moduan lantzea esan gura du basogintza mikologikoak. Zuhaitzak egurra lortzeko lehengai moduan erabiltzen diren bitartean, guk planteatzen duguna da basoaren jabeari baldintza jakin batzuk bete ezkero egurra eta perretxikoak ateratzeko aukera eskaini gura diegu. Basoa perretxikoak eman ditzan egokitzea da, finean. 

Zertan datza egokitze lan horrek?
Jaime Olaizolak laborategia du Plentzian. Lurra analizatu egiten da lehenengo eta lurraren zein zuhaitz motaren arabera, inokulo bat edo bestea sartzen da perretxikoak irten daitezen. Gai berria da, baina Olaizolak berak ekainean Sorian bere teoriak aurkeztu zituen, eta bertako komunitate zientifikoak horiek guztiak onartu zituen. Lan horretan gabiltza; nik adibidez, inokuloak sartuta dauzkat nire basoan iazko maiatzetik. Hemen [Bizkaian] ez dago laguntza handirik instituzioen aldetik baina badakit Gipuzkoan hiru lekutan egin direla halako operazioak. Aipatzekoa da Aldundiak %100 eman duela diru-laguntzetan. Espero dut Gipuzkoako Diputazioak jarraipena emango diola; baserritarrendako oso interesgarria izango litzateke.

Perretxikotara joateko gomendioak emango dituzuela suposatzen dut.
Noski, galdetu dezatela. Adibidez, joan aurretik leku horretan perretxikorik dagoen jakiteko Interneten non begira daitekeen esango diet, %100ean asmatzea zaila bada ere Bestalde, nire gomendioa da pazientziaz hartu behar dela; perretxikotara joan behar da basora buelta bat ematera joango bazina bezala. Jaime Olaizola oso gizon interesgarria da eta ziur saio dinamikoa izango dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak