Haurrak izan dira ekitaldiez gozatzen lehenak, eta euriak hala behartuta, marrazkiak egin dituzte Irati tabernan. Bien bitartean, tabernako beste mahai batean aurpegiak margotu dizkiete umeei.
19:00etarako jende ugari batu da Ferrerias kalean, bertan salgai zeuden gazta pintxoez eta ardoaz gozatzeko. Epaiketaren harira sortuko diren gastuei aurre egin ahal izateko arropa ere jarri dute salgai. Tabernaren barrualdean, berriz, mahai-futbol txapelketa egin dute.
Herritarren babesa eskertu dute
Albokarien eta txalapartarien doinuen ostean eman diote hasiera ekitaldiari. Orain artean izandako beste makroepaiketa batzuk gogora ekarri dituzte eta Herriko tabernen aurkako makroepaiketa hau luzea izatea aurreikusten dutela iragarri dute. Herritarrei, emandako babesa eskertu diete.
Era berean, gogoan izan dituzte astelehenetik aurrera Segiren aurkako epaiketan auzipetutako gazteak eta bereziki Aramaion bizi den Irati Muxika.
Bertaratutakoei afaritarako gonbita ere zabaldu diete.