Ford Mugarrik eta MUk kanpoan jokatuko dute bihar arratsaldean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 11a, 12:33

Lehen Nazional mailan jokatzen duen Ford Mugarri eskubaloi taldeak bihar jokatuko du Santoñan (Kantabria), 18:30ean. Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldeak ere bihar jokatuko du, Azpeitian (18:30). Bi taldeek denboraldi hasiera ona egin dute eta bolada onari eusteko asmoz joango dira Kantabriara eta Azpeitira, hurrenez hurren.

Lehen hiru partiduetatik bi irabazi eta bat galdu ostean, igoera lortu zuten kantxara bueltatuko dira. Xabier Altzelai jokalariaren arabera, ez da igoera faseko "infernua" izango, baina partidu "gogorra" izango da. Taldea babestuago egoteko klubak autobusa jarri du prezio berezian; 14:45ean irtengo da Iturripetik. Eserleku gutxi geratzen dira, eta joan gura duenak Angel Moralejari deitu beharko dio lekurik dagoen galdetzeko (606 06 50 12).

MUk ez du porrota ezagutzen

Josu Larreategiren mutilek jokatu dituzten bi partiduak irabazi dituzte eta aurkariek, berriz, biak galdu: "Azpeitiarren jokoa bideratzen zuten Zubizarreta anaiak ez daude aurten eta hutsune handia izango da eurendako", dio entrenatzaileak. Kanpoan jokatzea nahiago dutela gaineratu du: "Iturripeko kantxa oso labainkor dago eta Aukeakoak arazoa konpontzen saiatu arren ez dute helburua lortzen. Kantxa horrela egonda, epaileak partidua bertan behera uztea ez litzateke harritzekoa izango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak