Mendi Hamabostaldi interesgarria Besaideren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 10a, 19:57

Mendia gustuko duenarendako egitarau ezin interesgarriagoa dakar Arrasateko Besaide Mendizale Elkartearen Mendi Hamabostaldiak: Kilian Jornet mendi lasterkari famatuaren Summit of my life ikus-entzunezkoa, Arrasateko MTB bizikleta martxa, Egoitz Zubizarreta arrasatearrak Patagonian egindako 'Ferrari' bidearen ikus-entzunezkoa, haurrendako orientazioa raid-a eta Udalatxera mendi martxa herrikoia. Behen duzue, aurrerapen moduan, Kilian Jornet-en ikus-entzunezkoaren trailerra, irudi ikusgarriekin.

Adin eta gustu guztiak asetzeko egitaraua prestatu dute Besaidekoek. Lehen ekintza hilaren 16an izango da: Kilian Jornet mendiko korrikalari ezagunaren 'Summits of my life' izango da ikusgai Kulturateko areto nagusian (19:00). 

Hilaren 19an, berriz, Arrasateko MTB bizikleta martxa egingo dute; Musakolako kiroldegitik irtengo dira, 09:00etan. Bi ibilbide izango ditu frogak: luzea 35 kilometrokoa eta motza 27 kilometrokoa. Izena egunean bertan eman ahalko da, lasterketa hasi baino lehen.

Urriaren 21ean Egoitz Zubizarreta mendizale arrasatearraren Patagoniako abenturen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute Kulturateko areto nagusian (19:00). Dokumental honetan, Zubizarretak Cerro Torren –Ferrari bidea– eta Poincenot orratzan –Williams arranpa– egindako igoerak azalduko ditu.

Hilaren 26an, 10:00etatik aurrera, haurrendako orientazio raid-a egingo da Monterronen. Izena emateko edota argibide gehiagorako, hilaren 22an eta 23an Besaide Elkarteko egoitzara gerturatu beharko da, 19:30etik eta 20:30era. 

Eta hamabostaldia behar den moduan amaitzeko, Udalatxera mendi martxa herrikoia antolatu dute hilaren 27rako. Edonor dago gonbidatuta 9:00etan Monterronetik abiatuko den martxan parte hartzera. Honako ibilbidea egingo dute: Arrasate– Kanpanzar– Besaide– Udala eta Arrasate. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak