Amaia Larrañaga: "Gizarte zerbitzuetarako eraikin berria datorren ikasturterako gertu egongo da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 8a, 17:28

Hirugarren adineko pertsonendako Arrasateko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman du gaur Amaia Larrañaga Ongizate Saileko zinegotziak. Gizarte Zerbitzuetara udal aurrekontuaren zati handi bat bideratzen dela gogoratu du eta gaineratu du Nafarroa etorbideko egoitza berria datorren ikasturterako gertu egongo dela.

Gizarte Zerbitzuak lehentasunezkoak dira Arrasateko Udalarendako. Udal aurrekontuaren zati handi bat Ongizate Sailera bideratzen dela da horren erakusle eta gaur, hirugarren adinekoei zuzendutako zerbitzuak errepasatzeko, agerraldia egin du Amaia Larrañaga zinegotziak. Hasteko, nobedade nagusia izan du hizpide, hau da, Sendian programa: "Sendian Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren adineko pertsonen zaintzaz arduratzen diren familiakideei zuzendutako programa da. Hau da, senidea izan behar da zaintzailea. Zaintza honek suposatzen duen estresa eta itoaldia arintzea du helburu programa honek".

Hala, familiakideak zaintzen dituztenen pertsonendako ikastaroa antolatu dute. Doakoa izango da eta BAZen eman beharko da izena urriaren 21a baino lehen. Saioak azaroan izango dira: hilaren 5, 12, 19 eta 26an.

Hainbat zerbitzu hirugarren adinekoei begira

Sendian programaren berri eman ostean, hirugarren adineko pertsonei zuzendutako gainerako zerbitzuak errepasatu ditu Larrañagak. Izan ere, laguntzera bideratuta dauden zerbitzuen zerrenda luzea da: etxez etxeko zerbitzua, telealarma, laguntza teknikoak, eguneko zentroa, Iturbide eta Aita Menni egoitzak, apartamentu tutelatua, aldi baterako egonaldiak, Sendian programa, Iturbide egoitzako jangela zerbitzua, mendekotasun kasuetarako diru-laguntzak eta Arrasaten dauden lau erretiratu etxeei ematen zaizkien diru-laguntzak: "Diru-laguntzetan beti daude eskalak, ondasunen eta pentsioen arabera. Oso kontrolatuta dago dena". 

Eraikin berria, datorren ikasturterako

Arrasateko Udaleko Ongizate Sailean 12 langilek egiten dute lan udaletxean. Asmoa da datorren ikasturterako zerbitzua udaletxetik atera eta Nafarroa etorbidera eramatea. Egoitza berria obretan dago dagoeneko: "Bost edo sei hilabete barru obra amaituta egongo da. Lekualdaketa uda partean egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak