Superberbalagunak hitzarekin, urtero euskara ikasten dabiltzan euskaldun berriei omenaldia egin nahi izan diete. Super-heroiak bezala sarri ikusiezinak direlako, baina eurei esker euskara biziberritzen ari da. Izan ere, pasa den urtean Euskal Herrian 5,500 mintzalagun elkartu ziren. Debagoienean 249 lagun gutxi gora behera; 77 Arrasaten, 70 Bergaran, 40 Aretxabaletan, 40 Eskoriatzan eta 12 Oñatin.
Astero ordubeteko saioa baino gehiago
Mintzapraktiken garrantzia azpimarratu nahi izan dute, euskara praktikatzeko aukera ematen dietelako euskaraz moldatzeko maila izanda ere, bere inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez duten pertsonei. Astean ordubetez elkartzen dira euskaldun zahar edo naturaltasunez hitz egiteko gaitasuna duten euskaldunekin, gustuko ekintza bat egin bitartean berba egiteko. Hala ere, mintzalagunak elkartzeko ordubete horrez gain, urtean beste hainbat ekintza antolatzen dituzte, besteak beste, kultur irteerak, ikastaroak edo afariak.
Gaurkoan baina, aurtengo ikasturterako beste helburu bat aurkeztu dute, Guraso-lagun egitasmoa. Belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia dela eta, erabakigarria delako euskararen bizi-iraupenerako.
Izen emate epea zabalik
Mintzapraktika taldeetan parte hartzeko baldintza bakarra da euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea. Horrez gain, erabat dohainekoa da eta interesa duten guztiei zabalik dago. Parte hartu nahi izanez gero, antolatzaile diren erakundeetara jo behar da; AED-ra, Jardun Euskara elkartera, Loramendi Elkartera, Oñatiko euskaltegira edo Eskoriatzako Kultur etxera. Bestela ere, zaharberri@aedelkartea.com, jardunkulturatopagunea@topagunea.com edo loramendielkartea@gmail.com helbideetara zuzentzea da beste aukera bat.