Iker Elortzak etxean jokatuko du denboraldi honetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 8a, 12:19

Etxera bueltan da Iker Elortza errugbi jokalari arrasatearra. Hainbat urte eman ditu Ordizian jokatzen, eta bertako taldearekin Ohorezko A mailako liga txapeldunorde eta Errege Kopako txapeldun izan da. Zeelanda Berrian ere aritutakoa da, eta urte hauetan guztietan kanpoan ikasitakoa gaztetxoei erakusteko asmoz datorrela adierazi du.

Errugbiko Euskal Liga hastear da, eta Arrasate Errugbi Taldeak etxeko harribitxietako bueltan dator: Iker Elortza. 29 urteko jokalari arrasatearrak duela hamar urte utzi zuen klub zuri-morea Ordiziako taldean jokatzeko, eta azken denboraldiak goierritarren elastikoa defendatzen eman ditu. Bertan, besteak beste, Ohorezko A Mailako Liga txapeldunorde eta Errege Kopako txapelduna izan da.  Hegalean jokatzen du, eta urte hauetan guztietan goi mailako errugbian ikasitakoa Arrasate Errugbi Taldeko gazteei irakasteko asmoarekin datorrela adierazi du.

Elortza txiki-txikitan hasi zen errugbian jokatzen eta, 19 urterekin senior mailako elastiko zuri-morea defendatzen zuela, Ordiziaren deia jaso zuen. 2005an goierritarrekin Ohorezko A mailara igotzea lortu zuen eta handik bost urtera, 2010-2011 denboraldian, ligako txapeldunorde izan zen finalean La Vilaren kontra puntu bakarreko aldeagatik galduta. Dena den, lorpenik handiena Ordiziarekin hurrengo urtean lortu zuen Elortzak, Palentziako La Balastera estadioan Errege Kopa irabazi zuen-eta El Salvador garaituta. Denboraldi horretan hilabete luzeak min hartuta eman bazituen ere, final handian hainbat minutu jokatu zituen. Zeelanda Berrian ere izan zen urtebetez, bertako talde batean jokatzen. Azken urtea geldirik eman eta gero, aurten etxera itzultzea erabaki du.

Elortzarekin batera beste hiru aurpegi berri izango ditu aurten bere aginduetara Igor Isasi entrenatzaileak, Bergara, Oñati eta Ollauritik –azken hau Mondragon Unibertsitateko ikaslea- etorritakoak.  Denboraldi berriari begira eta arrazoi ezberdinak direla medio Arrasate Errugbi Taldeko seniorretan bost baja izango dira. Momentuz entrenatzen hogei jokalaritik gora baldin badabiltza ere, klub zuri-moreko agintariek deia luzatzen diete jendeari, "Mojategira gerturatu eta kirol hau ezagutzeko".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak