Gaur egun, Bartzelonan bizi da eta filmak deskargatzeko aukera ematen duen Filmin enpresan editore egiten du lan. Jakina, film asko ikustea lanarekin doa eta, gainera, bost zinemalditara joaten da urtero: Berlin, Cannes, Venezia, Donostia eta Sitgesekoetara. Lanpostu ideala? "Zinefilo amorratua naizenez, bai; baina bere alde nekagarria ere badu. Zinemaldiak maratoi hutsak dira: egunean bost film ere ikusi beharra izan dezakezu, gero horietaz idatzi behar duzu, zuzendariak elkarrizketatu, elkarrizketak idatzi… Gainera, egun horietan oso ordu gutxi egiten da lo, oso gaizki jaten da… baina, bai, horrek ordaina dauka: punta-puntako filmak ikustearen gozamena".
Sitgesen, jai giroan
Urriaren 11tik 20ra, oso bestelako film erakustaldi eta lehiaketa baten izango da Joan: Sitgeseko Zine Fantastiko eta Beldurrezkoaren zinemaldira. Aurten 42 titulu daude sail ofizialean. Donostiako generoko zine jaialdian gertatzen dena han anplifikatu egiten da: "Egun batzuetan zortzi film ere ikusi behar izaten da, baina bestalde, jai giroan egiten da dena".
Ezinbesteko filma
Zine aditu gisa, gomendio pare bat eskatu diogu Joani, eta hona hemen zer esan digun: "Oraintxe estreinatu da The act of killing dokumentala, eta ezinbesteko filma deritzot. Eta, egunotan zinema aretoetan dauden filmetatik, Antes del anochecer da azkenaldian gehien gustatu zaidan titulua".