Maritxuk 2020ko olinpiar jokoak Aretxabaletan izatea lortu du

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 5a, 19:29

Egin du miraria Maritxuk aurten ere. Atzo iluntzean Herriko Plazan elkartutakoek 2020ko olinpiar jokoen aurrerapena ikusteko aukera izan zuten. Gainera, aspaldian ez du Maritxuk horrenbeste jende plazan batzea lortu, atzokoan jendetza egon zen-eta. Gau luzea izan da, eta goizean, jendea etxeratzeko presa gabe dabil, asko dira-eta kalean dotore jantzita jarraitzen dutenak. Hori bai, txukunago zeuden atzo.

Jendez beteta zegoen plaza. "Urte luzeetan ez dut horrelako jendetzarik ikusi", esan du Herriko Plazara begira dagoen balkoi batetik emakume batek. Argiak itzali dira 20:30ean eta pantaila handi batetan ehunka gizon, emakume, neska eta mutilek olinpiar jokoen promozio bideoa ikusi dute –  'Aretxabaleta 2020 kabiru!' lelopean egingo dela ere jakin dugu. 

Bideoan olinpiadetako sua Aretxabaletatik zehar eraman dute kirolari ezberdinek: igerilariak, txirrindulariak... Eta magia bidez, arku tiratzailearen suzko geziak Maritxuren inguruan zeuden suak piztu ditu.

Segidan, Maritxuren eta Bartoloren omenez jo du bandak beste urte batez. Eta beste behin ere, herritar guztiek kantatu dute haien abesti famatua, salto artean, giro ezin hobea sortuta.

Amaieran, batzuek harrituta hartu dute miraria, eta besteek originala dela esan dute. Eta jendeari datorren urtean Maritxuk zer egitea gustatuko litzaiekeen galdetuta, erantzunak ere asko izan dira: iturritik ardoa irtetea, txanpon-euria sortzea, tabernetan rock n' roll ona entzutea... Horretarako, lora sorta eraman beharko Maritxuri datorren urtean!

Dotoreetan dotoreen

Arrasatearrak eta bertaratu diren kanpotarrak dotore-dotore irten dira kalera gaur ere. Ohiturak errespetatuta irten dira soineko zein traje eta korbata kalera, batzuek lora paparrean, eta gehienek eskapularioa zintzilik zutela.

Askotariko irudiak ikusi ahal izan dira gaur ere: gaztetxo asko loreak saltzen aritu dira, Erraldoi eta Kilikien konpartsak Maritxuri kantatu eta dantza egin diote; Irrien Lagunekin disfrutatu dute besteek...

Bazkaritara irten direnak asko diren arren, afaritarako elkartu dira ohitura zaharrak jarraituz besteak. Oraindik gau osoa aurretik duzuenok, ongi pasa!

Goizak eman dituenak

Maritxu Kajoi egunean, elegante jantzi da Arrasate eta eguzkiak ere irribarre egin du erakutsitako dotoreziaren aurrean: ilun eta triste esnatu den zerua, argi eta urdin ageri da eguerdian. Herriko kaleak elegante jantzitako arrasatear eta bisitariz betetzen doaz; eguerdiko poteo eta tertuliak, bazkalaurreko ezinhobeak dira!

Eta gisa horretan kaleratzeko, asko eta asko prestatze lanetan zebiltzan bitartean, maritxupean ziren herriko gaztetxoak: 11:00ak alderako Herriko plazan zeuden, Ama-Birjinari kantatzen.

Asko izango dira egunean zehar ariketa hori bera egingo dutenak eta baita loreak eskaintzera joango direnak ere.

Aurtengo kartela eta eskapularioa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak