EAJ: "Dena ETA da tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketak"

Imanol Gallego 2013ko urr. 2a, 21:43

EAJk bere mozioa aurkeztu du, funtsean Bilduk aurkeztutakoaren antz handia izan arren, jeltzaleek euren ñabardurak egin nahi izan dituzte.

Honakoa da testua:

"Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken urteetan. Aldaketa politiko sakona izan da ETA erakundeak erabaki eta adierazi izana 2011ko urriaren 20an bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Halaber, aldaketa funtsezkoa da ezker abertzaleak soilik bide politiko eta demokratikoen alde egiteko erabakia.

Herri hau, giza eskubide guztien onarpenean eta defentsan oinarrituz, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz eraiki behar dela, herri honen gehiengoak aspaldi egindako hautua da.

Aste honetan, Herrira plataformako kideak, atxilotu dituzte. "Dena ETA da" tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketak,  Euskal Herrian bakea finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen dutelarik.

Euskal Herriko erakundeek eta gizartearen gehiengo nabarmenak euskal presoak jasaten ari diren oinarrizko eskubideen urraketak behin eta berriz salatu dituzte, legeak, zuzenbide internazionalak eta giza eskubideen deklarazioak presoei aitortzen dizkien eskubideak defendatzea zilegi dela adieraziz.

Oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira inolaz ere lagungarri gure Herriak bizi duen soluzio bilaketarako. Soluzioa baitator batetik, oinarrizko eskubide ororen zapalketa gaitzestetik eta bestetik, gure Herriak bizi duen gatazka politikoa itxiko duen akordio politikoa lortzetik; beti ere gure Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubide demokratikoa oinarri hartuta.

Erakunde politikoen ilegalizazio prozesuek eten egiten dituzte oinarrizko eskubide diren ideologia, adierazpen, elkartze eta parte hartze aldarrikapen demokratikoak; euskal gizartearen aniztasun politikoari zor zaion errespetuari eragiten diote zuzen zuzenean, eta baita gure herriko elkarbizitzari ere; eta guztiz urruntzen gaituzte euskal gizarteak behin eta berriz eskatzen duen normalizazio politiko eszenatokietatik.

Guzti hau kontutan izanik, udalbatza honi hurrengo hau onartu dezan proposatzen diogu:

1. PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen dugu, “dena ETA da” tesia aktibatzeagatik, ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren eta ETAren erabakiaren irrebertsibilitatea eta egiazkotasuna egiaztatzeko ardura politikoa bere gain hartu beharrean, aipatu taldearen ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabiltzalako.

2. Halaber, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta atxilotutako pertsona guztien askatasuna, eskatzen ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak