PSE-EE ez da gaurko ezohiko osoko bilkuran egongo

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 2a, 17:43

Arrasateko alderdi sozialista ez da egongo "mobilizazio sozialen kriminalizazioaren aurkako" mozioa bozkatzeko gaur egingo den osoko bilkuran. Sozialistek "ez dute ulertzen" urgentziaz deitutako osokoa, hurrengo martitzenean, urriak 8, beste bat deituta dagoenean. Bilduk, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren bidez, atxiloketen ardura sozialistei leporatu izana salatu du Aritz Arrieta bozeramaileak prentsa ohar bidez:  "Guardia Zibilaren demokrazia babestuz herri honen borondatea zapaldu nahi genuela esan zuen". Ezker abertzaleak "iraganeko teknikak" erabiltzen dituela gaineratu du Arrietak.

ETA desagertzearen beharraz ere egin du berba Arrietak :"Atentatu eta estortsioekin amaitu arren, bizirik dirauen talde terrorista da eta presentzia hutsak bere ingurunean mugitzen den jendea kutsatzen du". Hala, Bilduko Gobernu Taldeari ETAren desagerpenaren alde egitea eskatu dio, "Arrasaten oraindik zabalik dauden zauriak sendatzeko".  Arrietaren ustez, adierazpen hori "ezinbestekoa eta urgentziazkoa" da.

Arrietak gaineratu duenez, "beti" egin duten moduan, oraingoan ere erabaki judizialak errespetatuko dituzte: "Sozialistok ez ditugu Herrira-ren aurkakoa moduko operazioak aurrez epaitu behar, operazioa burutzeko arrazoiak eta inputazioak ezagutu arte". Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren oinordekotzat hartu dituztela ere ekarri du gogora: "Justiziari dagokio erabakitzea Herrira horien oinordekoa den eta erakunde terrorista laguntzeko balio zuen".

"ETArengandik eman beharreko urruntzea ez da gertatu"

Bestalde, sozialisten prentsa oharrean Thierry ETA kide ohiari egin zitzaion omenaldia ere aipatzen da: "Bestelako interpretazio etikoak alde batera utzita, halako omenaldiek erakusten dute ETArengandik eman beharreko urruntzea ez dela gertatu oraindik". Amaitzeko, justiziari eskatu diote "ahalik eta lasterren" jarduteko: "Ez daitezela atzeratu atxilotuei inputatu diezaieketen erantzukizunen berri ematerakoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak