Los Quadrophenicos: "50eko eta 80ko hamarkada arteko musika maite dugu"

Jagoba Domingo 2013ko urr. 1a, 14:19

Los Quadrophenicos hirukoteak uda aurretik kaleratu zuen lehenengo lan luze edo ofiziala. Punka eta rock-and-rolla oinarri duten 13 kantu; La Banda Trapera del Rio-ren amorrua, Burning-en oilarkeria eta Eskorbuto-ren hitz gordinak.

Osagai horiek aurki daitezke arrasatearren disko berrian. Izan ere, taldeak 12 urteko ibilbidea egin du dagoeneko, eta, hainbat aldaketa tarteko, Eskizofrenia Rock taldearen errautsetatik jaiotako taldeak badirudi egonkortasuna aurkitu duela. Hirukotea, Eskizofrenia Rock taldeko kide ohiez gain, Los Cretinos eta La Banda del Abuelo taldekoek ere osatzen dute; beraz, musikan eskarmentu handikoak. Bada, 12 urteei buruz eta diskoaren inguruan hitz egiteko, Ibai gitarra-jolearekin, Trabis baxu-jolearekin eta Barba bateria-jolearekin egon gara oraingo honetan.

Has gaitezen hasieratik.

Los Quadrophenicos taldea 2001ean sortu genuen, Eskizofrenia Rock taldea desegin zenean, gutako batzuek bertan jotzen genuen-eta. Hasieran, Trabis (bateria-jolea), Mikel Lezea (baxu-jolea), Anderfu (gitarra-jolea) eta ni neu [Ibai] ginen (gitarra-jolea). Lau urtez ibili ginen egurra ematen, Anderfu-k taldea utzi zuen arte; eta segituan Lezeak ere taldea utzi zuen, Gatillazo taldearekin jotzen hasteko. 

Eta ondoren?

Horren ondoren, lau bat urtez, 2009ra arte, Trabis-ek eta biok jotzen jarraitu genuen; beste erritmo baten, baina. Entseatzen jarraitzen genuen, eta baxu-jole batzuk lokaletik pasatu ziren; edozelan ere, ez zuten luze iraun. Orduan, nik [Trabis] baxua hartzea erabaki nuen. Betidanik gustatu izan zait instrumentu hori, eta baxua erosi ondoren kantu batzuk ikasten hasi nintzen, eta behin, lokalean jotzen nenbilela, Barba agertu zen.

Beraz, lokal batetik bestera salto egin zenuen?

Barba: Bai; uda zen, eta lokalean nengoela baxua entzun eta bertan sartu nintzen. Trabis-ek kantu batzuk ikasi zituela esan zidan eta baterian eseri eta batera jotzen hasi ginen. Hurrengo hiru hilabeteak kantuak ikasteari ekin nion eta 2009. urte bukaeran kontzertuei heldu genien.

Eta bi etapa horietan kantu berak jo dituzue?

Ibai: Ez; Anderfu-k taldea utzi zuenean, hark egindako kantuak alde batera utzi genituen, ez ginen eroso sentitzen hark egindako kantuak interpretatzen. Hala ere, diskoan, lehenengo urteetako sei bat kantu daude.

Beraz, diskoa 12 urte hauen errepasoa da.

Bai; hala ere, 13 kantu hauez gain, beste bi disko egiteko kantuak ere baditugu. Azken finean, denok elkartzea nahiko zaila izaten da, baina kantu asko eginda daude eta ideiak mordoxka ere baditugu nonbait gordeta. Beraz, gutxi barru, hurrengo diskoari ekitea espero dugu.

Diskoari dagokionez, lokalean grabatu zenuten, ezta?

Bai; lokalean zortzi pista digital batekin grabatu genuen guztia. Grabazioa nahiko azkar egin genuen, astebetean, gutxi gorabehera. Hala ere, nahasketak etxean egin nituen, eta, hainbat arazorengatik, dena asko atzeratu da. Diskoa 2011ko Gabonetan grabatu genuen eta orain dela bi hilabete kaleratu dugu. Hala ere, diskoa kaleratu aurretik, maketa bat Interneten entzungai jarri genuen, jendeak gure musika entzun zezan eta hirukote moduan kantuek zelan funtzionatzen zuten entzuteko.

Zer aurkituko dugu diskoan?

50eko eta 80ko hamarkada arteko musika maite dugu; beraz, kantuek rock-and-roll klasikotik eta punketik eta hardcoretik badutela uste dugu. Azken finean, barrutik irteten zaigunari irteera ematen saiatzen gara.

Diskoa 3 eurotan salgai dago.

Gure helburua musika zabaltzea da, ez dugu ulertzen 10 eurotan diskoa salgai jartzea. Gainera, nire ustez [Barba], CD formatua hilzorian dago; niregatik balitz, kasetean kaleratuko nuke!

Salgai bai, baina Interneten deskargatzeko aukera ere badago.

Helburua Los Quadrophenicosen musika zabaltzea da, eta, horretarako, jamendo eta halako plataformetan jarri dugu.

Hemendik aurrera, zer?

Hasteko, Barba sendatzen denean kontzertuak jotzea, eta, gero, hurrengo lanari ekitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak