Jendetza batu da Arrasaten Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 30a, 22:42

AZKEN ORDUKOA [20:30]: Arrasateko ezker abertzaleak konfirmatu berri du Ekain Zubizarreta Madrilera eraman dutela, Tres Cantosera.

Arrasateko eta inguruetako hainbat herritar elkartu dira Seber Altube plazan, Ekain Zubizarreta eta gainerako Herrira-ko 17 kideren atxiloketa salatzeko. Manifestazioa hasi aurretik batzar informatiboa deitu du Arrasateko ezker abertzaleak: "Ezin dugu jakin Ekain Madrilera eraman dutenik, hori ondorengo orduetan jakingo dugu. Aurreikusten duguna da eguen goizean eramango dituztela epailearen aurrean deklaratzera", esan dute. Gaineratu dute "larria" dela "giza eskubideen aldeko talde bat horrela kriminalizatu nahi izatea". Nabarmendu dute, era berean, ezker abertzalea "konponbidearen alde" ari dela lanean. Batzarraren ostean, manifestazioari ekin diote 'Herrira aurrera, Ekain eta besteak askatu!" lelopean. Beheko bideoan, EiTBk utzitako Hernaniko atxiloketaren irudiak.

Ekain Zubizarretak 31 urte ditu eta Arrasateko alkate ohi Xabier Zubizarretaren semea da. Anger Arrasateko musika taldeko baxu-jotzailea da –15 urte daramatza bertan jotzen–, Maritxu Kajoi komisiñuan lanean ibiltakoa eta Txatxilipurdiko administrari ohia.

Zubizarretarekin batera beste 17 lagun atxilotu dituzte operazio berean: hamar, Herrira Hernaniko egoitzan egiten ari zen batzarrean; eta gainerako zortzietatik bost Gipuzkoan, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Gaurko polizia operazioa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Parot doktrinaren inguruan hartu behar duen erabakiarekin lotu du Herrira-k; "Espainiako Estatuak bake prozesuaren aurrean duen jarrera" erakusten du, bere esanetan; eta "bake prozesuaren alde egin duten lana kriminalizatu" nahi dutela salatu du. Hala jaso du Berria egunkariak, presoen eskubideen aldeko kolektiboak kaleratutako ohar bati erreferentzia eginez.

Eloy Velasco epailearen aginduz egin dute operazioa. Egoitzak ixteko agindua eman du epaileak, eta bankuetako eta sare sozialetako kontuak blokeatzeko.

Agerraldi bat egin du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, operazioaren berri emateko. Fernandez Diazen esanetan, Herrira-k "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa". Horrek "agerian" uzten du Herrira AAMren oinordekoa dela, Fernandez Diazen arabera. "ETAko kideen omenaldiak antolatzea" leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei.

EiTBren arabera, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eskandalu antidemokratikotzat jo ditu atxiloketak; eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Twitterren adierazi duenez, "Herriraren aurkako operazioa albiste txarra da, euskal gizarteak ulertzen ez duen atzerapausoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak