Mondrak bana berdindu zuen kanpoan, Zestoaren aurka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko irailaren 29a

Zestoaren aurka jokatu zuen Mondrak zapatuan, eta bigarren jardunaldian ere ezin izan zituen hiru puntuak eskuratu. 0-1 jarri ziren aurretik arrasatearrak: 44. minutuan hegaletik ateratako falta bat aprobetxatu zuen Iker Lopezek bakar-bakarrik errematatzeko.

0-1koarekin ere Mondrak ezin zituen aukerak golen bat egiteko; Jon Ander Ormaetxea aurrelariak, esaterako, zutoinera bidali zuen baloia. Baina futbolaren legeetako bat da ate aurrean barkatzen duenak ordaindu egiten duela gero, eta hori gertatu zitzaien zerrajeroei: 85. minutuan, korner jaurtiketa baten, egin zuen banakoa etxeko taldeak.

Partidua ikusten egon zen Jon Zabaleta jokalariak esan digunez, berdinketa justua izan zen: "Inork ez zuen irabaztea merezi izan".

Ez da hasiera onena izan

Ohorezko Erregional mailatik jaitsi berri, 2013-2014 denboraldia ez da modurik onenean hasi Mondrarendako. Oraindik ez dute garaipenik lortu –bi lehiak berdindu dituzte– baina okerrena ez da hori: taldean pisu handia izatera deituta zeuden Jon Zabaleta, Andoni Aizpurua eta Julen Losada lesionatuta daude. Azken biek belaunean hartu zuten min lehen jardunaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak