Elkarlan zabal baten emaitza da Haurrasate egitasmoa; Txatxilipurdi elkarteak, Bagara Ekimenak eta HUHEZI fakultateko Heldu ikerketa taldeak, hiru eragile nagusi moduan, bideratu dutena.
Hasiera puntua da haurraren ikuspegia: haurrentzako hiri atsegin eta egoki batek biztanle guztientzako onura dakarrelako. Francesco Tonucci ikerlari italiarraren tesiak dituzte oinarri moduan. Hain zuzen, egilea bera izan zen martxoan Arrasaten. Hortik abiatuta atzo egin zuten aurkezpena Zaldibarren.
Espazioak egokitu eta ondo daudenak, Santa Barbara ala Monterron kasu, hobetu gura dituzte Haurrasate-koek. Helburua, herri osasuntsua eta arduratsua lortzea, txikienetan pentsatuaz bai, baina onuradun, herritar guztiak izango dituena.
Elkarguneak sortuko dituzte horretaz guztiaz hitz egiteko. Haurrak hartuko dituzte ardatz moduan eta oinarria haien ikuspuntua izango da.
Hausnarketa kolektiboa izango da hortaz, hanka-kosko jolasa irudikatuz, atzo azaldu zuten prozesuan ikusten den moduan. Kolektiboa edozein delarik ere, baina, haurraren ikuspuntutik begiratuko diote arazoari. Hiru izango dira hausnarketa taldeak eta urria eta abendura bitartean batzartuko dira. Herritar guztientzat dago zabalik gonbidapena.
Batzarrak
- Urriak 9, eguaztena: Espazio irekiak eta pertsonen ongizatea. Ingurunearekin harreman osasuntsuak ardatz hartuta espazio irekiak ongizaterako eremu gisa; berde-gunean, parkeak.
- Urriak 23, eguaztena: Irisgaritasuna eta pertsonen autonomia. Mugikortasun printzipioetatik haratago haurren autonomiarako urrats praktikoak; eskola bidea egitasmoak.
- Azaroak 6, eguaztena: Esperientzia ezberdinen ezagutza.
- Abendua: Amaierako jaia.