Arrasateko kirolak euskararekiko konpromisoa sinatuko du bihar

Leire Kortabarria 2013ko ira. 27a, 10:34

Bihar, zapatua, Kirolarien Euskara Eguna ospatuko dute Arrasaten. AEDko Bultza taldeak animatuta, herriko eta eskualde osoko 19 taldek hartu dute euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa. Hori zapatuan eszenaratuko dute,'Euskara gure hizkuntza nagusiaren aldarrikapena' delakoa irakurri eta izenpetuta, Herriko plazan, 13:00etan. Gura duten herritar guztiek ere hori sinatzeko aukera emango dute, mahai batzuetan.

Atxikitu diren talde guztien artean, 5.000 jokalari inguru, bazkideak, entrenatzaileak eta gurasoak daude. Helburua da batez ere kirolari gazteek gehiago erabiltzea euskara.

Giro ludikoan 

Ospakizun giroa izango du biharko egunak; goiz osoan kirol erakustaldiak eta jendeak ere egiteko moduko ekintzak izango dira; 12:00etatik 14:00etara, txistularien eta gaitarien kalejira izango da; eta arratsaldean, 18:00etatik 19:30era, lasterketa egingo dute, Kontseiluarekin batera.

Egun osoan, kirol ekintzak

Ekitaldi nagusia Euskara gure hizkuntza nagusiaren aldarrikapena sinatzea izango da, 13:00etan, Herriko plazan. Baina 10:00etatik 12:45era, kirol taldeek erakustaldiak eta jendearendako ekintzak egingo dituzte: Seber Altuben, auto gidatuak eta jinkana; Biteri plazan, errugbia, saskibaloia eta judoa; Zaldibarren, futbola, pilota eta eskubaloia; Herriko plazan, aerobika eta kultur-jinkana.

Sinatzaileetako batzuk, Bultza taldearekin hartu duten konpromisoa irudikatzen duen kartelarekin.

Esanak

  • Jose Ramon Elortza, Bultzako kidea: "Zapatukoa irteteko pista bat izan dadin gura dugu"

"Zenbait herritan, umeek euskaraz ikasi eta, halako baten, ez kirolean, ez etxean ez inon ez dute euskaraz hitz egiten. Duela urte eta erdi kirol elkarteekin harremanetan hasi ginen, konpromisoa hartuz aurrerantzean euskarak gutxienez gaztelaniak duen indarra izango duela. Eta gura izan dugu egun bat antolatzea, egun hori izan dadin irteteko pista bat. Hortik aurrera, eguneroko lana dator, egunero euskaraz egitea".

  • Eugenio Uribarren, Aikido taldekoa: "Euskaraz egiten dugu gure artean, eta hitz batzuk japonieraz"

"Euskal Herrian gaude eta beti euskarari laguntzeko gertu egon behar dugu; hori da gure lehenengo helburua. Gu Arrasaten hogeitaka gara klubean, eta aikidoa euskaraz ere egin daiteke; euskara eta japonierazko hitzak erabiltzen ditugu. Helburu horrez gain, zapatuan, gure kirola jendeak ikus eta ezagutu dezan gura dugu. Horretarako, erakustalditxoa egingo dugu, eta gure asmoa da jendeak ere, poliki-poliki, parte hartzea".

  • Jon Ozaeta, Dragoi gimnasia taldekoa: "Neska-mutiko batzuek erdaraz egiten dute kirolean"

"Guk bat egin dugu ekintza honekin konturatu ginelako lagundu genezakeela; gure neskatilek euskaraz egiten dutenez, euskara izan daiteke euren ikasketen edo kirolaren luzapen bat, eta euskara bizitzaren parte ludikora ekar daiteke. Oraindik hutsuneak daude: gure irakasleak euskal hiztunak dira, baina esaten dute neska-mutiko batzuek, segun eta etxean ze ohitura duten, kirola egiterako orduan erdaraz egiten dutela".

  • Jon Basurko, saskibaloi taldekoa: "Kirolean dabilen jende guztiak euskararen alde egiten badu…"

"Euskara denona delako eta hura bultzatzearren gaude hemen. Kirolak jende asko biltzen du, eta jende horrek guztiak euskararen alde egiten badu, gehiago hitz egiteko modua izango da. Gure kasuan, saski-eskolan eta 16 taldeen artean, 250 neska-mutil ditugu. Entrenatzaile askok euskaraz badakite eta txikitatik, saski-eskolatik saiatuta, gero eta gehiago entzuten da euskaraz. Ea honekin gehiago entzuten den!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak