Aurten ere buzkantzak barra-barra Garagartzako San Migel jaietan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 27a, 13:00

Gaur hasi eta domekara bitartean ospatuko dituzte San Migel jaiak Garagartzan. Haur, gazte eta helduentzako ekintzak antolatu dituzte, eta nola ez, buzkantza jateko aukera ere egongo da ohiturari jarraituz.  Aurten, 300 kilo prestatu dituzte.

Badatoz San Migel jaiak Garagartzara eta domekara bitartean zer egin izango dute bertako bizilagunek. Ikurrina igota eta etxafuegoak botata hasiko dute jaia gaur, 19:00etan. Arrasateko trikitilariek kalejira egingo dute (19:30), Txinparta taldearekin dantzaldia egongo da (22:30) eta berakatz-zopa banatuko dute goizaldean.

Bihar eguerdian, umeen jolasak egingo dituzte. "Betiko jolasak berreskuratu gura izan ditugu, aspaldi egiten genituenak; arrautza koilaran eramatea, esaterako". Arratsaldean, Gorritiren animaliak eta meza (17:30) eta gauean Kaixo taldearekin dantzaldia (22:30) egongo dira.

Domekan, aldiz, Kobateko IX. futbol partiduak jokatuko dituzte, Mondra, Urola, Uda, Fundacion Vitoria eta Garagartzako taldeen artean (10:00). San Migelen omenezko meza esango da (11:00) eta Txikitxu taldearen emanaldiaren ostean (13:00) auzo bazkaria egingo dute.

300 kilo buzkantza

Eta ohiturari jarraituz, buzkantzak jateko aukera egongo da gaur eta bihar, auzetxean, 18:30ean hasita. Arrasateko Agirre-Etxe eta Otamendi harategiek izan dute, beste behin, horiek egitearen ardura. "Aste honetan buru-belarri ibili gara lanean. Bi harategien artean 300 kilo egin ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak